Albisteak
Kiroldegi Munizipalak “Maialen Chourraut” izena hartu du
2016-09-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalbatzarrak atzo aho batez erabaki zuen ekipamenduari izen berria ematea, eta aurrerantzean Lasarte-Oriako “Maialen Chourraut” Kiroldegi Munizipala izango da.
Proposamen hori onetsita, udalbatzak omenaldia eta aitormen publikoa egin nahi izan dio gure herriko kirolari sarituenari. Aho batez onetsitako testuak honela dio:
ALKATETZAREN PROPOSAMENA, KIROLDEGI MUNIZIPALARI IZEN BERRIA JARTZEKO
Maialen Chourraut, jaiotzez lasarteoriatarra, zalantzarik gabe gure enbaxadore nagusia da nazioarteko kirolaren munduan. Haren karrera ikusgarriak, Espainiako, Europako edo Munduko lehiaketetan izan dituen lorpen handiek, Lasarte-Oriako kirolari sarituena bezala akreditatzen dute. Amaitu ez den karrera horrek aurten Olinpoko gorenera eraman du, urrezko domina lortu baitu Rio 2016ko slalomeko proban.
Maialen eredu bihurtu da lasarteoriatar guztiontzat. Kirolaren praktikan egin duen ahaleginak, jarraikitasunak eta irmotasunak gure aitormenaren merezidun egiten dute. Jabetzen gara emakume batentzat oso zaila dela kirolarena bezalako mundu batean nabarmentzea, non gizonezkoen ikuspegia baita nagusi eta emakumeen lorpenei egiten zaien aitormena berdintasunezkoa izatetik oso urrun baitago. Maialen eragozpenak gainditzearen eredu jarraigarria da, eta erreferente bihurtu da Lasarte-Oriako eta gure inguruneko emakumeentzat. Gainera, aipatzekoa da haren lorpenak piraguismoa bezalako kirol minoritario batean aritzetik datozela, egunkarien lehen orriak hainbeste erakartzen dituen masa-kiroletik oso urrun. Halako kirol batean inon baino beharrezkoagoa da etxekoen eta adiskideen sostengua ekinean jarraitzeko, une txarrei eta emaitza txarrei gaina hartuz, eragozpenak gainditzeko grina horretan, horixe baita kirolari honen ezaugarria.
Lasarte-Oriako kiroldegia da gure herriko kirol-jardueraren elementu nabarmena. Uste dugu Lasarte-Oriako kirolaren bi ezaugarri horiek bat egin behar dutela, eta gure kiroldegiaren izenak hemendik aurrera Lasarte-Oriako “Maialen Chourraut” Kiroldegi Munizipala izan behar duela.
Horregatik guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak ondoko hau erabakitzen du:
-
Maialen Chourraut lasarteoriatarraren kirol-merituen aitormenez, Lasarte-Oriako Kiroldegi Munizipalaren izena, erabaki hau hartzen denetik aurrera, “Lasarte-Oriako Maialen Chourraut” Kiroldegi Munizipala” izango da.