Albisteak

Jalgunek bere jaialdia egingo du abenduaren 2an Kulturetxean

2017-11-28 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Abenduaren 2an, 18:30ean, Kulturetxean, Jalgunek bere tradiziozko jaialdia egingo du, Gai gara – Somos capaces lemapean. 17:30ean desfile karrozadun bat egingo dute Bekokaletik abiatuta herriko kaleetan barrena. Eskertu egin zuten Udalaren, Dinbi Banda Batukada taldearen, Xumela abesbatzaren, Semblante Rociero koruaren eta beste adiskide askoren lankidetza.

Duen interesagatik, banatutako komunikatua berridazten dugu:

Pertsona asko ez gara gai Mozarten sonata bat pianoan interpretatzeko, ez eta fisikako problema konplexu bat ebazteko ere, eta, ia bizitza osoa irakurtzen daramagun arren, asko ez gara gauza liburu bat betaurrekorik gabeko irakurtzeko. Aldiz, gai izan gaitezke gauza mordo bat egiteko, eta are ondo samar egiteko ere: esate baterako, bizikletan ibiltzeko, sukaldean aritzeko, oinez ibiltzeko edo lagunekin musean jokatzeko.

Gure gaitasunak, eta baita gure gaitasun eza ere, bidelagun izango ditugu bizitzan zehar, oztopoak zorte handiagoz edo txikiagoz saihesten laguntzen digun “bagaje” pertsonal baten tankeran. Gu geu, gure gorputza, bizitza ikusteko gure modua aldatuz doan heinean, gure izateko eta jarduteko era nahi gabe moldatzen dituzten jokabideak ere ikasiz goaz. Geureganatutako aztura horiek definitzen dute nolabait besteek nola ikusten gaituzten eta alderantziz, eta egundoko eragina dute gure bizitzetan (zer ordutan oheratzen garen, goizean nola jaikitzen garen, zer ariketa egiten dugun), hainbesteraino non gure garapen pertsonalaren eta gure ongizatearen parte handi bat determinatzen duten, zeren eragina baitute gure lan egiteko, harremanak izateko eta geure buruak zaintzeko moduan. Ez gara horretaz guztiaz jabetzen zeren errutinaz errepikatzearen poderioz natural bihurtu baitira, baina portaera horiek, ingurunearen eraginarekin batera, geure identitatea eraikitzen laguntzen digute, bizitzaren aurrean izango dugun jokabidea eta gizartean beteko dugun rola definituko duten balioak geureganatzen.

Inguruneak, inguratzen gaituen medioak, era batera edo bestera bizitzera behartzen/lotzen/laguntzen/zuzentzen gaitu, bizimolde jakin bat geureganatzera. Duela urte asko, aurreko belaunaldiek seguru asko ez lukete izango bizimoldearen kontzeptua hain presente, zeren gizartea homogeneo samarra baitzen eta inguru sozial homogeneo batean pertsonek antzeko bizi-estiloak konpartitzeko joaera izaten baitute. Gaur egun, gizarteen dibertsitatea areagotzeari esker, askotariko bizi-estiloak daude, eta portaeren sistema baten edo beste baten artean hautatzeko aukera kontzientea edo inkontzientea dugu.

Jalguneren funtsak 1991ko bera izaten jarraitzen du: geure gizartean, herrian, gure inklusioa sustatzea, aisiaren eta denbora librearen esparruan. Lasarte-Oriak urte hauetan zehar Jalgunek bizimodu bat izan dezan lagundu du, hau da, ohiturak bereganatzen edo aldatzen jarraitzera, geure identitatea eraikitzen jarraitzeko; azken batean, “gai izateko”. Baina ez bakarrik Jalgune gisa, baizik eta modu indibidualean frogatzeko ezen gai garela gure inguruneak eskaintzen dizkigun baliabideak erabiltzeko eta gozatzeko.

Jalguneren hamaikagarren jaialdirako, goiburua “Lasarte-Orian #gaigara” izatea erabaki dugu. Batez ere Lasarte-Orian gara gai! Ogia erostera, paseatzera, kontzertuetara, merkatura joan nahi dugu, eta horregatik uste dugu denok dibertsitatearen parte izatearen erantzukizuna herriarena dela, komertzioena, elkarteena, entitateena, jendearena, guztiena.

Abenduaren 2an ezingo dugu Mozarten sonata bat jo, fisikako problema bat ebatzi ere ezingo dugu, baina zuekin konpartituko dugu Jalgune gai dela, beste gauza askoren artean, irribarre eginarazteko, dantza egiteko, kantatzeko eta batez ere emozionarazteko. Hori guztia Dinbi Banda Batukada taldearen, Xumela abesbatzaren, Semblante Rociero koruaren eta beste adiskide askoren lankidetzari esker, gure bizi-estiloa diseinatzen lagundu baitigute / gure bizi-estiloaren parte baitira.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna