Albisteak
Jaien inguruko oso balorazio ona Udalaren aldetik
2016-07-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Jaietako zinegotzi Txus Alonsok oso balorazio ona egin du San Pedro Jaien inguruan. Kalean bizi izandako giro onari, jarduera berriekin asmatu izana eta jardueren deszentralizazio handiagoa gehitu behar zaizkio.
Jaiak igaro direlarik, Alonsok onartu egin du zorion ugari jaso izana aurtengo jaiak direla eta. Lasarteoriatarrek oso positiboki baloratu dituzte giroa, kontzertuen kalitatea, jardueren deszentralizazioa eta xexenak itzuli izana.
Zinegotziaren ustez, kaleko giroa izan da azpimarragarriena, eguraldiak ere lagundu baitu. Arratsaldeko jardueretan izan den jende ugaria nabarmendu du, bereziki, ostiral eta larunbat gauean.
Era berean, bere ustez, aurten jarduerak deszentralizatu izanak aukera eman dio jende gehiagori eta mota askotakoari jaiak gozatzeko. Jaizkibel plazako kontzertuek oso ondo funtzionatu dute, izan ere, erosoagoa baita espazio hori Andatza plazakoa baino.
Egindako jarduerei dagokienez, Doctor Deseo eta Ken Zazpiren kontzertuak arrakastatsuak izan dira oso, bai jende kopuruagatik bai kalitateagatik. Arrakasta handiko beste emanaldi batzuk izan dira Demode Quartet, Tio Tenoren Semeak, Trapu Zaharra, mariatxiak eta Artistas del Gremio. Jende askok gozatu ditu kaleko ikuskizunak.
Danborrada Tradizionalak ere, nola ez, oso ondo funtzionatu du, bere martxa berriarekin. Baita Haurren Danborradak ere, eguraldia lagun ez izan arren. Landaberri Ikastolari egin zaion aitortzak ere jende ugari bildu zuen. Kulturetxeko aforoa bete egin zen antzerki eta musika emanaldi eder batekin, eta alkatearen eta ikastetxeko arduradunek hitzekin.
Haurrentzako xexenen itzulerak eta sokamuturrak oso harrera ona izan du, egunero bete baita. Jarduera berri honek ere lasarteoriatar asko bildu ditu: zaldi lasterketak eta gizonen eta zaldien arteko demak.
Pirotekniako enpresa aldatu izanak ere oso ondo funtzionatu du. Valaceak eskainitako su artifizialak eta suzko zezenak oso harrera ona izan dute herrian.
Alonsok zera azpimarratu du, normaltasuna eta errespetua izan direla nagusi jaietan, eta ez dela izan, guk dakigula behintzat, arazo handirik, salbu eta Zumaburun ostegun arratsaldean izan zen borroka.
Zinegotziak, bukatu aurretik, eskerrak eman nahi izan dizkie herriko elkarteei, egindako lanagatik. Haien jarduerek arrakasta handia izan dute berriz ere, eta lasarteoriatar asko bildu dituzte. Jarduera horiek gabe, San Pedro jaiak ez lirateke izango gaur egun direna.