Albisteak

Irailak 20an Udaletxe berriaren aurkezpena egingo da

2013-09-13 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala

Abuztuaren 21an ireki zen Udaletxe berria eta aste horretan bertan jarri ziren bertako zerbitzu guztiak martxan, baina horrenbeste lan eman duen eraikina ez zen ofizialki aurkeztu. Beraz, dagoeneko ikasturtea hasi eta Udala normaltasunez lanean ari denez, hurrengo ostiralean arratsaldeko 19etan Mercero plazan (Udaletxe berriko sarreran) aurkezpen ekitalditxo bat antolatzea pentsatu du.

 

Ekitaldia xumea izango da eta helburu garbi bat izango du: Udal eraikin berria Guztiontzako aldarrikatzea. Alegia, hurrengo astean aurkeztuko dugun etxea aurrerantzean guztiona eta guztioi zerbitzatuko gaituena izan dadin oinarriak jartzen hastea.

 

Beraz, aurkezpenean herritarrei emango diegu hitza eta beraiek bihurtuko ditugu ekitaldi horren protagonista nagusi. Horretarako, ekainean hasi genuen proiektu bati jarraipena emango diogu: EMOZIOEN HORMA-ri.

 

Emozioen horma

 

Aurreko aldian, irudi korporatiboaren aurkezpen ekitaldia aprobetxatu genuen eta horma hau 50 bat talde eta elkarteen esaldiz betetzeko parada izan genuen. Garbi erakutsiz gure herriaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat den Aniztasuna eta esaldi desberdinez osatutako mosaiko baten bitartez irudikatuz.

 

Oraingo honetan, asmoa lan horrekin jarraitu eta garai hartan Udala iritsi ezin izan zen elkarte eta taldeenganaino joan eta hauen lanaren aitorpena egitea da. Beraiek eta horma honetan agertzen diren guztiek osatzen baitute gure herriaren oinarria eta kolorez janzten duen sarea.

 

Hortaz, eta Udalaren mugak ezagutuz, orain artean elkarte edo talderen batetara heldu ez bagara, barkatu gure ezintasuna eta zuzendu lasai Udaletxera guztiok izango baituzue lekua gure horma horretan.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero udala@lasarte-oria.org helbidera idatzi.

 

Udaletxe berria ezagutzeko bisita gidatuak

 

Beste alde batetik, eraikin berria oraindik ezagutzen ez dutenentzako edo eta hobeto ezagutu nahi dutenentzako, ostiralean bertan ekitaldiaren aurretik bisita gidatuak egiteko aukera izango dute. Bisita hauek arratsaldeko 17etan hasiko dira eta guztira lau egingo dira 19ak bitartean (bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz, 17:00, 17:30, 18:00 edo 18:30etan).

 

Beraz, bertan parte hartu nahi duenak erregistroan apuntatzeko aukera izango du Udaletxe berrian kokatua dagoen erregistroan edo telefonoz deituz (943.376055).

(Bisitak baldintza egokietan egin daitezen lekua mugatu izango da: 30 pertsona bakoitzeko)

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna