Albisteak
II. Beldur Barik sarien banaketa
2015-11-26 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Generozko bortizkeriaren kontrako Beldur Barik sariak jaso zituzten Noa Carreterok, Asier Olmosek eta Amaia Hartosek 12tik 17ra urtekoen kategorian eta Ane Galardik 18tik 30era urtekoen kategorian.
Alfonsina Storniren “Los malos hombres” poemako bi ahapaldi irakurri ondoren, Jesus Zaballos alkateak gogorarazi zuen “Beldur Barik jarreraren lehiaketa honetan emakumeenganako bortizkeriazko eta diskriminaziozko egoerei aurre egiten dieten era guztietako espresio artistikoak baloratzen eta sustatzen direla.
Lan hauek berdintasunean, askatasunean, autonomian eta bortizkeria sexistaren gaitzespenarekiko erantzukizunean oinarritutako portaerak edo jarrerak erakutsi behar dituzte. Alegia, aurkeztutako proposamenek konpromiso pertsonal eta kolektibo bat erakutsi behar dute emakumeenganako era guztietako bortizkeria gainditzeko eta erlazio libreak, errespetuzkoak, berdintasunezkoak, dibertsoak eta ez-sexistak eraikitzeko”.
Kalitate teknikoari eta artistikoari buruz, jakitera eman zuen lehiaketa honetan matxismoaren kontrako konpromisoa eta debatea eta ideiak sorrarazteko gaitasuna baloratzen direla.
Lasarte-Oriako lehiaketan, 12tik 30era urteko neska-mutilen parte hartu ahal izan dute, bi kategoriatan. Egindako ahaleginak gorabehera, aurkeztutako proposamenak bi bakarrik izan dira, kategorietako bakoitzean bat, biak ere kalitate eta konpromiso handikoak.