Albisteak
Igandean eskertza ekitaldia egingo zaie gerra zibileko testigantzak eman dituztenei
2014-04-02 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
Badira 28 urte Lasarte-Oria udalerri moduan jaio zela eta Urnieta, Andoain eta Hernaniko auzo bat izateari utzi ziola. Zentzu horretan, udalerri gazte eta berri bat da, baina begirada atzerantz botaz gero historia handia duen herri batekin topo egiten dugu. Independentziaren lorpena bezalako zati gozo eta pozgarriak izan dituen historia batekin, baina baita urte askotan horrenbeste biktima utzi dituzten gatazka politiko-militarrek ekarritako sufrimenduak eragindako zati garratzagoak dituenarekin ere.
Horregatik, oso harro gaude Lasarte-Orian gure herriaren oroimen historikoaren berreskurapenean horrenbeste gogorekin lan egiten duen Islada Ezkutatuak bezalako elkarte bat izatearekin. Guretzako beharrezkoa baita garai bateko lasarteoriatarrak aurre egin zioten errealitate gordin eta gaur egun oraindik oso ezezagunaren identifikazio osoa. Arrazoi hori dela eta biktima orok bere aitortzaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren duen eskubidearengatik egiten ari den lan hau benetan beharrezkoa eta ezinbestekoa dela deritzogu.
Era berean egiten ari den lan guzti hori gerrate hartatik bizirik dirauten benetako protagonisten borondate onik eta laguntzarik gabe ezinezkoa izango zela ulertzen dugu. Beraiek dira testigantzen bitartez gertaera haiek gerturatzen dizkigutenak eta historiaren puzzlea osatzen laguntzen digutenak, pixkanaka eta beraien oroimenean aurkitzen dituzten piezekin, kontutan hartuta askotan izaten duten karga emozionala eta gogoratzeak eskatzen duen ahalegina.
Arrazoi hori dela eta, hurrengo igandean, Udaleko batzar aretoan, Islada ezkutatuak taldeak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu duen eskertza ekitaldira gonbidatu nahi dugu gai honekin sentsibilizatua dagoen herritar oro eta bereziki garai hura bizi izan zutenak.
Apirilak 6 igandea
Eguerdiko 12etan Udaletxeko batzar aretoan
Antolatzaileak: Udala eta Islada Ezkutatuak
Joseba Tapia trikitilaria
Oroigarrien banaketa
Xole Agirre Garro hartuko du hitza.