Albisteak
Hurrengo ostiralean Worldkafea izango da Okendo plazan
2013-09-20 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Aniztasuna eta Kooperazioa
Udalean denbora daramate aberastasun kulturala eta jatorri aniztasunaren inguruan lanean gure herriko ezaugarri nagusi gisa. Horren erakusgarri izan da Udaletxe berriaren sarreran burutzen ari garen "Emozioen Horma".
Udalerri honetako elkarteak, herritarren parte-hartzearen sustatzaile eta desberdinen arteko topaleku dira: kirola, kultura, gastronomia, jatorriko tradizio, hezkuntza eta hainbat eremuetan. Honenbestez herri kohesioa eta elkarbizitza etorkizun batean oinarritze bidean eta izan daitezkeen ikuspuntu ezberdinak ezagutzeko helburuarekin, Anitzen Sarea osatu nahi da herriko elkarte eta pertsona interesatuekin.
Anitzen Sarea
Lasarte-Oriak gaur egun duen ezaugarri nagusia aniztasuna da, herritik bueltatxo bat emanez gero, ez da zaila gure aberastasun kulturalaren jabe egitea: koloreak, hizkuntzak, janzkerak, dantzak.
Anitzak gara eta horrek aberasten gaitu, baina era berean beharrezkoa da egunerokotasunean kultura guzti hauen elkar ezagutzan sakondu eta lan egitea, horrek aurrera begirako elkarbizitzan onurak ekar ditzan.
Udalak horretarako tresna berri bat proposatu nahi du, Anitzen sarea, eta hau osatzeko hiru hilabeteko lanketa bat jarri nahi du martxan.
Guzti hau burutzeko Udalak Aztikerreko koordinazio eta dinamizazioaren laguntza jasoko du. Aztikerreko kide (Markel Ormazabal) eskainiko dizkigu prozesuaren zenbait zehaztapen.
Lasarte-Oriako jatorri eta kultur aniztasuna sozializatu eta sendotu asmo duen ANITZEN SAREA proiektu honen abiapuntua, Lasarte-Oriako udalak egindako zenbait azterlan dira.
Orain, ikerketetako datu eta ondorioetatik kalera jauzi egin, eta Lasarte-Oriako Udalak sustatutako partaidetzazko prozesua jarri dugu martxan.
Prozesuaren lehen pausu bezala, Lasarte-Orian lan eta eragiten duten 33 elkarterekin bildu gara. Bilkura hauetan, gorago aipatu ikerketa horien ondorioak konpartitzeaz gain, kulturartekotasunaren inguruko diagnosia osatzen jardun dugu(gara?)
Prozesua bi fase desberdinetan antolatu dugu. Lehenengoan, eta aurrez esan bezala, herriko diagnosia osatu eta aniztasuna sustatzen jarraitzeko proiektuetaz hausnartuko dugu. Bigarrenean, berriz, abenduan antolatu asmo den ANIZTASUNAREN ASTEA diseinatuko dugu elkarteekin batera.
Esan bezala, prozesuaren lehenengo inflexio puntua irailaren 27an burutuko dugun WorldKafe saioa izango da. Lasarte-Oriatar guztiei irekita egongo den bilkura honetan, proiektua eta prozesua aurkezteaz gain, diagnosia osatzen jarraituko dugu. Honetarako, gerturatzen diren herritarrak talde desberdinetan antolatuko ditugu eztabaida emankor eta partekatua burutzearren.
Talde lana oinarri, herritar bakoitzaren bizipen eta iritzi trukaketa gauzatu nahi da giro goxoan kafe baten bueltan. Entzun, esan, idatzi, marraztu eta ondo pasatzeko gonbitea egiten dizuegu. Jatorri anitzeko herritarrek osatzen duten jakinduria kolektiboa mahaigainertzeko tresna izan nahi du World Kafeak, ideiak modu sortzaile baten eraikitzeko tresna.
Beraz, gure herriko jatorri eta kulturen arteko harremanetaz hitz egin, entzun, sentitu, hausnartu eta amestu nahi duzuen guztiek aulki eta kafea izango duzue zai irailaren 27an arratsaldeko 18:00tan Okendo Plazan.