Albisteak

Hurrengo asteartean San Pedro jaietarako ekarpenak egiteko bilera

2015-02-26 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Otsailean zehar herritarren ekarpenak jaso dira etxe guztietara bidalitako esku-orrien eta interneteko bide ezberdinen bidez. Orain berriz, Jaietan blai egitasmoarekin jarraitzeko parte-hartze bilera bat proposatzen da.

 

Beraz, datorren martxoaren 3an, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, proposamenak aztertzen hasteko lehen dinamika antolatu dugu. Herritar oro bertan parte hartzera gonbidaturik dago.

 

San Pedro jaiak herritarrak dira jada, lasarteoriatar guztionak. Azken 3 urteotan herritarrek jaietan izan duten inplikazioa eta lanerako gogoa izugarria izan, urtetik urtera gora egin du. Eta aurtengoan ere ez da gutxiago izango.

 

Elkarte eta eragileen papera:

Aurreko urtean aurrera eramandako Jaietan Blai! prozesuen balorazioa oso positiboa izan da. Bereziki aipagarria da testuinguru honetan lehengo urtean herriko eragile eta elkarteek jokatutako papera. 10 elkartetik gorak hartu zuten parte aktiboki festak diseinatzeko prozesuan, emaitza paregabea izan zelarik. Hori horrela izanda, aurtengoan prozesua bereziki herriko elkarte eta eragileekin burutzea erabaki genuen, haien parte hartzea ezinbestekoa baita. Hori dela eta, datorren astearteko dinamikan haien presentzia bermatuko da.

 

Herritarrek ere parte hartzeko aukera:

San Pedro jaiak lasarteoriatar guztion festak izanda ordea, nahi duen orok ere parte hartzeko aukera izango du foroan. Hala ere, azken urteetako esperientziak, herritarrek proposamen konkretuak eginaz gehiago parte hartzen dutela erakutsi digu. Hori dela eta, aurtengoan prozesuari bueltaxka bat eman, eta proposamen konkretuak bilduaz abiatzea erabaki genuen lehenik. Horretarako, herriko etxe guztietara eskuorriak banatu ziren, eta sare sozialen bidez ere proposamenak egiteko aukera zabaldu zen. Guztira, berrogeitik gora proposamen jaso dira.

 

Proposamenak lantzeko garaia:

Orain ordea, proposamen guztiak mahai gainean izanik, hauek lantzen hasteko unea heldu da: festetan zein musika talde ikusi nahi genukeen, elkarteek zein ekintza antolatuko dituzten, lehengo urtean ondo atera zen zein ekintza errepikatu nahi genukeen, zer aldatu beharko genukeen,… Lanketa guzti hau Lasarte-Oriako elkarte, eragile eta herritarrekin elkarlanean egingo da, martxoaren 3ko topaketan.

 

Herritar eta elkarte guztiei gonbidapena:

Beraz, Gazteria eta Festak departamentuak herritar oro gonbidatu nahi du topaketetan parte hartzera, herritarren iritzi eta ikuspegi global batetatik festa parte hartzaile eta anitz batzuk sortzeko. San Pedro jaiak adin guztietako pertsona orok gozatzen ditu, bakoitzak bere modura. Hori dela eta mundu guztiak esateko eta proposatzeko asko du, bakoitzak bere bizipen, esperientzia eta egunerokotasunetik. 2015ean ere… Lasarte-Oria Jaietan Blai!

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna