Albisteak

Hitzarmenak sinatuz berretsi dute 2016 urte emankorra Udalak eta euskalgintzak

2016-12-20 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udalak 2016-17 ikasturterako lankidetza hitzarmenak sinatu ditu euskalgintzako gizarte eragileekin eta 25 eta 50 urteurrenak ospatzekoak Ttakunekin eta Landaberrirekin

Udalaren izenean, Jesús Zaballos alkateak eta Euskarako Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik hitzarmen hauen garrantzia azpimarratu zuten, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik.

Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak, Ttakun kultur elkarteak eta lau ikastetxeek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. Ez da soilik programa batzuk egiteagatiko diru-laguntza emate soil bat. Filosofia horrekin ari dira elkarlanean erakunde guztiak eta Landaberri ikastolaren 50. urteurrenak eta Ttakunen 25.ak berretsi besterik ez dute egiten harreman-modu hori.    

Ttakun

Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Tomas Arrizabalaga jaunarekin sinatu zuen alkateak. Hitzartutako programak iazko hamarrak izan dira: Udako txokoak, Udako kanpaldiak, Gazte kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria.

Guztira Ttakun Kultur Elkarteak, iaz bezala, 191.998,03 €-ko diru-laguntza jasoko du. Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz. Hitzarmenean jasota dago Ttakun Kultur Elkarteak diru-laguntza justifikatuko duela enpresa eskudun batek auditatuta.

Horretaz gain, ordea, beste bi hitzarmen ere sinatu ditu Ttakunek aurten. Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko lehendabizikoa, 5.000,00 €koa eta Ttakunenea elkartea egokitzeagatik ordaindutako zergaren kopuru berekoa, 11.479,94 €koa bestea, lokalaren proiektuak helburu sozialak dituelako eta horrela egin delako herriko beste elkarte gastronomikoekin ere.

Ikastetxeetako guraso-elkarteak

Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu zituen, Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchez Cuesta lehendakariarekin eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martín Gonzalez lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Miren Zaldua ordezkariarekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin.

Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena), Elemeleka programa (gazteen komunikazio-trebetasunak hobetzeko) edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.

Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, 52.487,09 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari, iaz bezala.

Landaberriko Guraso Elkarteko lehendakari den Miren Zaldua andreak, ordea, beste hitzarmen bat ere sinatu zuen, kasu honetan Landaberri ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko ekintzak diruz laguntzeko, 10.000,00 €koa.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna