Albisteak

Herria bizi! Etxetik ateratzen laguntzeko programa espezializatua

2017-04-28 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako DYArekin elkarlanean, maiatzaren 3tik aurrera Herria Bizi programa jarriko du martxan, etxetik irteteko zailtasunak dituzten adineko pertsonei horretan laguntzeko programa espezializatua.

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Lourdes Acevedo zerbitzu sozialetako zinegotziak eta DYAko arduradunek gaur arratsaldean Jubilatuen Elkartean aurkeztu dute programa hau, zeinaren asmoa baita alternatiba bat ematea aldi batez edo erabat aulki gurpildun baten mende egotera behartuta daudenei edo, zailtasun fisikoak dituztelarik, beren etxeetatik kalera erraz irten ezin direnei.

Programa hau igogailurik gabeko etxebizitzetan bizi diren pertsonei zuzendua dago, edota, igogailua izanik ere, hara sartzeko zailtasunak dituztenei, eskailera-tarte bat dagoelako...

Helburu nagusia da inklusio soziala erraztea, edozein pertsonak herriko jarduera sozial eta kulturalean parte hartzeko aukera izan dezan saiatuz. Zerbitzua asteazkenetan ematen hasiko dira, 10:00etatik 13:00etara, merkatu-egunarekin bat etorriz.

Gipuzkoako DYAko profesionalak, behin eskaera jasotakoan, bizilekuetara joango dira eta erabiltzailea igo eta/edo jaitsi egingo dute. Beharrezkoa bada, gainera, haren bizilekutik hurbilen dagoen Manttangorri autobusaren geralekura hurbilduko dute. TSST konpainia eta Manttangorriko txoferrak proiektuaz informatuak izan dira, eta erabateko prestasuna agertu dute harekin kolaboratzeko. Erabiltzaileek argi izan behar dute ez dela taxi-zerbitzu berezi bat, beren bizilekuetatik irteten laguntzeko baizik.

Zerbitzua eskatzeko, interesatuek zuzenean DYAra deitu behar dute, 943 46 46 22 telefonora, esanez Lasarte-Oriatik deitzen dutela, Herria Bizi programaren erabiltzaile izateko. Edozein zalantza argitzeko, Zerbitzu Sozialekin ere jar daitezke harremanetan, Villa Mirentxun, 943 37 61 79 telefonoan.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna