Albisteak
Hasi dira panel informatiboak kokatzen
2013-07-16 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak
Udalak herriko hainbat lekuetan panel informatiboak kokatuko ditu, herritarrek eta mugimendu sozialek informazioa elkartrukatzeko espazio bat , eta era berean, elkarren arteko harremanak indartzeko topagune bat izateko.
Auzoz auzo parte-hartze egitasmoko bileretan sorturiko eskari bati erantzuten dio ekimen berri honek eta Obra eta Zerbitzuen Departamenduak hartu du bere gain. Gainera, panelak kokatzeko lekurik egokienen inguruko galdeketak ere egin ziren, bertan eginiko proposamen eta ekarpenetan oinarritzeko kokapena aukeratzeko orduan.
Egunero, gero eta maiztasun handiagoarekin, herritarrak ekimen ezberdinen inguruan informatzeko paperez josita ikusten ditugu gure kaleak. Kartel hauek era indiskriminatu batean kokatzen dira eta gure herriko horma, farola, kaleko altzari eta abar betetzen dituzte. Gainera, egungo egoeran geroz eta maizago ikusten ditugu herritarren eskaintza edo eskaerak ahal den lekuan jarriak, orain arte ez delako horretarako lekurik zehaztu.
Beraz, gertutasuneko elementu fisikoak dira eta herritarrek nahiz mugimendu sozialek auzo bakoitzeko edo interes orokorreko beraien ekimen edo proiektuen zabalpenerako erabiltzeko aukera izango dute. Espazio komunikatibo berri hauen helburuetako bat komunitate bizitza indartzea da, auzo bakoitzean zer egiten den jakinarazteko eta bertan parte hartu nahi duena informatzeko.