Albisteak
Hasi dira bidegorriko obrak "Atsobakarren"
2015-08-05 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Bide-tarte berria, 200 metro luzekoa, 2’20 metro zabalekoa eta noranzko bikoitzekoa, oraingo espaloiaren paralelo joango da, lehendik dagoen kamioa aprobetxatuz, hartara egin beharreko azpiegitura minimoa izango delarik. Obra honekin, Lasarte-Oriak 6,2 km bidegorriko sare munizipala izango du.
Bide-tarte berri honi esker, Oria ibaiko ardatza, Atsobakarreraino iristen dena, Donostia Mutrikurekin lotzen duen Gipuzkoako bizikleta-bideen sareko 2. ibilbidearekin konektatuko da. Luzuriaga enpresarainoko 235 metroko bide-tartea geratzen da egiteko, baina obra hori aurki egitekoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Obra Construcciones Otegui y Gaztañaga SL enpresari adjudikatu zitzaion, 76.454 €-ko kopuruan, eta burutzeko epea 6 astekoa da. Gipuzkoako Foru Aldunditik 32.856 €‑ko diru-laguntza izango du.