Albisteak
Guztion Lasarte-Oria, udalerria kolorez janzteko mural lehiaketa
2015-02-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala | Sozioekonomia
Duela hilabete batzuk Lasarte-Oriako hirugarren sektorea indartzeko helburuarekin “Biziberritzen” proiektua jarri genuen martxan. Ekimen berri honek hiru arlo ezberdin jorratzen ditu: lehenengoa dagoeneko funtzionamenduan dagoen Tratu On Bat webgunea, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuentzako erakusleiho digital bat; bigarrena, udalerriko lokal komertzial hutsak berraktibatzeko ekimena eta azkenik Guztion lasarte-Oria egitasmo artistikoa.
Proiektu berritzaile honen helburua degradaturik dauden espazio eta hormetan interbentzio artistikoak eginez udalerriko irudi hobetzea da. Modu horretan, herritarrak udalerritik ibiltzeko joera sustatu eta herriko komertzioetan positiboki eragin dezan. Horretarako, proiektuaren lehengo fase honetan mural lehiaketa ireki bat antolatu da eta erdigunean kokaturik dauden 5 horma txukundu eta margotuko dituzte lehiaketako irabazleek.
Azken hilabete hauetan, herriko hainbat artistekin eta Antxota artista elkartearekin biltzen aritu da Udala eta guztien artean mural lehiaketa hau egiteko oinarriak adostu dituzte. Diziplina askotarikoak izan daitezke lanak: pintura, collage, graffiti eta abar. Eta margo guzti hauek jorratu beharko duten gaia gure udalerriaren ezaugarri eta aberastasun handienetariko bat izango da, hain zuzen ere aniztasuna. Era guztietako aniztasuna, gure udalerrian era guztietakoak baikara, eta gu bisitatu nahi gaituenak denetarik aurkituko baitu.
Lehiaketa dagoneko martxan dago, astelehenean argitaratu baitzen Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta hilabete honetan zehar proposamenak entregatzeko aukera izango da. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 27aren aurretik Udaletxeko erregistroan utzi beharko dituzte beraien zirriborroak. Gainera, lehiaketa irekia denez, bertaratu ezin duenak hurrengo helbidera korreoz bidaltzeko aukera ere izango du.
Lasarte-Oriako Udala
Kale nagusia 22
20160 Lasarte-Oria
Ondoren, aurkeztutako zirriborroen artetik, epaimahaiak gehienez ere 5 proposamen hautatuko ditu hormetan marrazteko. Behin muralak burututakoan, 1.500,00 €-ko lehen sari bat, 1.250,00 €-ko bigarren sari bat, 1.000,00 €-ko hirugarren sari bat, 300,00 €-ko laugarren eta bosgarrenarentzako bi sari esleituko ditu.
Mural lehiaketaren egun handian berriz, martxoaren 14an izango da, egun horretarako “Margoketa eguna” antolatzen ari Udala herriko artistekin batera. Eta mural lehiaketako hormak margotzeaz gain beste ekimen artistiko, hezitzaile eta kultural batzuk ere izango dira egunean zehar. Azken finean, udalerriko eta ingurune degradatuetako irudia hobetzearekin batera gure herriaren alderdi artistikoa ere sustatu nahi baita.
Beraz, interesa duzuen guztiei parte hartzeko deia egiten dizuegu. Hemen azpian ikus ditzakezue oinarriak.
Irakurri leihaketaren oinarriak