Albisteak
Guk Lasarte-Orian kirola euskaraz
2014-12-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, eta “Guk Lasarte-Orian kirola euskaraz” leloa ardatz hartuta, hitzarmen bana sinatu du Lasarte-Oriako Udalak, Ostadar S.K.T., Texas Lasartearra, Lasarte-Oria Kirol Elkartea eta Intza elkarteekin eta lau ikastetxeetako Landaberri, Burunzpe eta Kaxkarro guraso elkarteekin.
Hitzarmenak Pablo Barrio alkateak sinatu ditu eta Tasio Arrizabalaga, Kirol Batzordeko lehendakaria eta, Boris Nogales, Euskara Batzordekoa izan dira bertan.
Patrozinio hitzarmenak
Lasarte-Oriako Udalak lelo horrekin argitaratu duen logotipoa, elkarte horiek egiten dituzten karteletan, kirol ekipamenduetan eta dokumentuetan, gutxienez bi denboralditan jarraian ezagutzera ematea konprometitu dira. Bide batez Lasarte-Oriaren izenari egitasmo honekin lotuta zabalkundea emanaz.
Trukean, lankidetza-hitzarmen horiengatik, Lasarte-Oriako Udalak 2014. urtean diru-kopuru bana emango die herrian kirol-jarduerak antolatzeko diru-laguntzak eskatu dituzten aipatutako elkarteei.
Azala eta mamia
Leloa eta logotipoa ezagutzera emateaz gain, elkarteak konprometitzen dira euskara erabiltzera aurrera daramaten jardunaren maila guztietan.
Helburu hori elkartez elkarte hobeto zehazteko, konprometitu dira halaber, Udalaren Euskara sailarekin 2014-2015 ikasturtean hizkuntza diagnosia egitera. Ekainerako, diagnosia egina izateaz gain, hurrengo ikasturtean beteko diren helburuak ere zehaztuak eta adostuak egongo dira.
Aurrera pausuak datorren ikasturtean
2015-2016 ikasturtean, beraz, adostutako konpromisoak gauzatu beharko ditu elkarte bakoitzak eta bi urteko epea igaro aurretik Udaleko Kirol Zerbitzuari aurkeztu beharko dio Udalaren Euskara sailak igorritako dokumentua zeinetan egiaztatuko baita elkarte bakoitzak hartutako konpromisoan xedatutakoa bete duela.