Albisteak

Gerra Zibilari eta Erdi Aroari buruzko bi auzolandegi antolatu dituzte gazteentzat

2014-06-17 |  iruzkinak: 2 | Lasarte-Oriako udala

Aranzadi Zientzia Elkarteak, UEUk, Udalbiltzak, UPV/EHUk, Adunako Udalak, Asteasuko Udalak, Zizurkilgo Udalak, Galipentzuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako barnetegiak dira. Gazteen formakuntza sustatzeaz gain, Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea dute helburu.

 

Donostian, 2014ko maiatzaren 22an (UEU).- Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila eta Nafarroako mugak Erdi Aroan auzolandegiak antolatu dituzte udarako Aranzadi Zientzia Elkarteak, UEUk, Udalbiltzak, UPV/EHUk, Adunako Udalak, Asteasuko Udalak, Zizurkilgo Udalak, Galipentzuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

 

18 eta 30 urte arteko gazteei bideratutako barnetegiak dira; hain justu, gazteak auzolanaren dinamikara hurbiltzea eta Euskal Herriko oroimen historikoa berreskuratzea helburu dituelako. Euskara hutsean dira, gainera. Horrez gain, tokian tokiko bizilagunen testigantzak jasoko dituzte ikus-entzunezko euskarriak erabiliz.

 

Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren esanetan, azken hamarkadan, oroimenaren inguruko gogoetak eta oroimen historikoa berreskuratzea izan dira euskal gizartearen “kezketako batzuk”. Bada, haren hitzetan, “kezka” horiei erantzun bat emate aldera antolatu dituzte elkarlanean bi ekimenak. Gainera, azpimarratu du UEUk gazteen formakuntzaren, ikertzaileen, eta ezagutzaren eta dibulgazioaren aldeko apustua egin duela, eta, hori horrela, auzolandegiak hark gidatzen duen erakundearen lan-ildoarekin “bete-betean” bat egiten dutela.

 

Auzolandegia Aduna-Asteasu-Zizurkilen

Lehen auzolandegia,  Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila, uztailaren 7tik 27ra bitartean egingo dute Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa). Josu Amilibiak, Adunako alkateak adierazi du “orain arte ahaztuta” egon direla hiru herri horietako gatazka eta gertaerak, eta tokiko eragileekin batera, “ahanzturan utzitako historia zatia” gaurkotu nahi dutela.

Izan ere, lehenengo erresistentziaren gune izan ziren Tolosaldeko hiru herri horietako gatazka guneak Gerra Zibilean. Amilibiak beharrezkotzat jo du oroimen historikoaren berreskurapen lan hori egitea.

 

Auzolandegia Galipentzun

Bigarren auzolandegia, berriz,  Nafarroako mugak Erdi Aroanuztailaren 21etik abuztuaren 3ra egingo dute Galipentzun (Nafarroa).  Erdi Aroko eraikin erromanikoak eta alde zahar berezia dira herri horren adierazgarri, Juan Jose Arrizabalaga UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskolako zuzendariaren hitzetan.

“Natura eta kultura uztartzeaz gain, kultur ondarea eta herri nortasuna lantzen laguntzea izango dute helburu auzolandegiko parte hartzaileek”. Hori gaineratu du Arrizabalagak, izan ere, haren arabera, Nafarroako eskualde horrek bizitako azken hamarkadetako despopulazio prozesuak “galbidean” utzi ditu gune historiko eta arkitektoniko “adierazgarriak”, eta horiek zaharberritzea dute xede barnetegiaren bitartez.

Bi auzolandegietan, landa-eremuetara bisitak, hitzaldiak eta klaseak izango dituzte parte hartzaileek. Irakasle lanetan ibiliko dira, esaterako, Francisco Etxeberria UPV/EHUko irakasle eta antropologoa, Lourdes Herrasti Osteoarkeologian aditua, Juantxo Agirre-Mauleon arkeologoa, Juanjo Arrizabalaga arkitektoa eta Aitor Pescador historialaria.

 

Auzolandegien sustatzaileetako bat da Udabiltza. Mertxe Aizpurua erakunde horretako presidenteak funtsezkotzat jo du eragile desberdinen arteko elkarlana, lankidetza horren bitartez, gazteen formakuntzarako eta heziketarako jarduerak gauzatzea posible izan delako. Era berean, auzolana eta herrien arteko elkartasun baloreak bereganatzeko ekimena delakoan dago, eta hori beharrezkoa dela uste du euskal herritarren errealitate desberdinez jabetzeko.

Matrikula

Auzolandegietan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ekainaren 27an amaituko da. Auzolandegi bakoitzak 150 euro balio du, eta prezio horren barnean sartzen dira ostatua, ikastaroaren barneko garraioa eta janaria. Informazio gehiago jaso edo matrikula egin nahi duenak www.ueu.org helbidean aurkituko ditu xehetasunak.

Iruzkinak

  • Lasarte-Oriako Udala
    2014-06-18 / 14:26:58

    Jakingo duzun moduan Oroimen historikoaren inguruan lanean ari da Lasarte-Oriako Udaletxea ahal den informazio gehien bildu eta Islada Ezkutatuak herriko elkartearekin elkarlanean.

    Hori dela eta, beste instituzioetaik auzolandegi hauen zabalpenean laguntzeko gonbita egin ziguten. Eta guk noski gaiaren inguruan herritarren artean sortzen duen interesa jakinda albistea zabaldu dugu.

    Zure galdera erantzun dugulakoan
    Eskerrik asko parte hartzeagatik

  • David
    2014-06-18 / 14:15:35

    Eta zer ikusirik du hau gure udalarekin?

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna