Albisteak

Gehien behar dutenen egoera hobetzeko eginiko tasak 2014 urterako

2013-11-14 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Ogasuna

Aurreko astean 2014ko tasak jasotzen dituen ordenantza fiskalak onartu genituen, eta beste urteetan ez bezala zenbait ordenantza errotik aldatu ditugu. Bi ezaugarri nagusi biltzen dituzte ordenantza berri hauek, alde batetik, behar gehien duten herritarrei laguntzeko eginak daude eta beste aldetik, herriko elkarteei eta herri bizi bati bide berriak irekiko dizkie udal baliabideak doan utziaz.

 

Gizarte zerbitzuak

 

Aldaketa nagusia tasa berri hauetan, baztertze egoeran aurkitzen diren pertsonek hemendik aurrera izango dituzten hobarien moldaketan datza. Gizarte Zerbitzuetatik egiten den lanarentzako tresna baliagarria bihurtuko da, izan ere, egoera ekonomiko kaxkarrean dauden familiei diru-laguntza eman ohi zaizkie AGI, Udal diru-laguntzak, AES, RGI eta abar. Baina hauek emateaz gain Udal zerbitzuetarako doako sarrera bermatuko zaie datorren urtetik aurrera. Horrela, familia hauek kiroldegirako sarrera doan izango dute, Euskaltegian eta musika eskolan doan ikasi ahal izango dute, gimnasiako kurtsoak eta emakumeen zentroko aktibitateak doan, kultur etxeko aktibitate eta tailerrak doan, gaztelekuko kurtsoak doan, zabor tasa ez dute ordaindu beharko,…

 

Finean egoera ekonomiko txarrean dauden familiek gizartean txertatuak egotea eta  baliabide ekonomiko nahikoak dituzten familietako ume eta gurasoekin batera Udal zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera izatea nahi dugu.

 

Benetako iraultza, izan ere, aurten 5 familiek soilik izan dute tasak salbuetsiak izatearen aukera jarrita zeuden baldintza zaharkituengatik. 2014an eusko jaurlaritzak RGI eta AES dirulaguntzak banatzeko erabiltzen duen taula izango da erreferentzia, eta berau betetzen duten familiak salbuetsita egongo dira ehuneko ehunean tasa horietan. Honela, jakin Lasarte-Orian 375 pertsona inguruk jasotzen dutela RGI-a eta 170 inguruk AES-a. Baina horretaz gain, neurri horretara iristen ez diren familiek ere izango dute hobariak %75, %50 eta %25eko hobariak, hain zuzen ere, tasetan progresibitate neurriak ezarriko ditugu.

 

Guzti hau Gizarte Zerbitzuetatik kudeatuko da eta urtean behin eskatuta urte osorako balio izango du, familiaren egoera ekonomikoa aldatu ezean. Udal zerbitzuetan salbuetsita dauden pertsonen zerrendak egongo dira, hilero berrituak eta abendua bitartean eskabidea egiteko bideak zehaztuko ditugu publikoki.

 

Elkarteei lagunduz herri biziago bat helburu

 

Herrian elkarteek egiten duten lana beharrezkoa, aberasgarria eta herri biziaren oinarria dela ikusten dugu. Horregatik, udal instalazio eta baliabideak doan erabiltzeko arauak zehaztu ditugu. Izan ere, Udalak ematen dituen kurtso, jarduera eta zerbitzu guztiak elkarteek ematen dituztenekin aberastu egiten dira. Irabazi asmorik gabe ematen dituzte, boluntarioen bidez askotan eta herritarren onurarakoak izan ohi dira. Horregatik, Udalaren aldetik ahalik eta erraztasun handienak jartzea beste biderik ez dugu ikusten ekimenak handituz joan daitezen.

 

Auditorio, areto eta bilera gelez gain elkarte hauek oholtza, jaima, hesi eta elektrizitatea besteak beste doan erabiltzeko eskubidea izango dute beti ere interes orokorrekoak diren jarduerak antolatzen dituztenean. Herri biziago bat izateko baldintzak jartzen ari gara, herritarrek antolatzen diren ekitaldiak positiboki baloratzen dituzte, beraz, herritarren eskakizunei erantzuten dieten  araua dugu.

 

 

Ingurumenari dagokionez, auzo konposta egiten duten familiei ere hobariak emango dizkiegu gutxiago kutsatzen baitute eta beste auzoetara zabaltzeko konpromezua ere hartzen dugu. Era berean , gehien kutsatzen dutenek, zilindrada altuko turismoen kasu, gehiago ordaindu beharko dute.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna