Albisteak
Gaztelekuko areto ezberdinak erabiltzeko eskaera epea ireki da
2014-09-11 | iruzkinak: 1 | Lasarte-Oriako udala
Udako oporren ostean, dagoeneko Gaztelekua irekita dago, eta aurtengo ikasturtetarako berrikuntza ugari dakartza gainera. Proiektu honen zabaleratik Gazteria sailean garbi izan dugun filosofiarekin jarraituz, pixkanaka urtetik urtera eskaintzen dituen zerbitzuak zabalduz eta gazteei autonomia gehiago emanez lan egiten ari gara. Modu horretan, aurtengo aldaketarik garrantzitsuena ordutegiaren zabalpena eta sexologia-zerbitzu berritzaile baten ezarpena izango da.
Gaztelekuko ordutegiaren zabalpena
Orain arteko ordutegia zabaldu egingo du zerbitzu berriak, ateetan jarri diren txartel bidezko sarrera elektronikoen bidez. Horrela, bada, entsegu-lokalak, dantza-aretoa, jarduera anitzetarako aretoa, bilera-gelak eta tailerrak hemendik aurrera goizeko 10etatik gaueko 24ak arte eta aste osoan zehar astelehenetik igandera erabiltzeko aukera izango dute erabiltzaileek.
Dantza egiteko edo margotzeko espazioa behar?
Zure elkartearekin ekintza bereziren bat antolatu nahi?
Txoko baten beharrean zabiltza?
Gaztelekua zure beharrak asetzeko prest dago!
Egin eskaera bat zure beharrak azalduz: jarduera mota, ordutegia, erabili beharreko aretoa,…
Bidali gaztelekua@lasarteoriasarean.eu helbidera
Zure musika-taldearekin entseguak egiteko lekua behar duzu?
Edonolako musika-talde batean jotzen baduzu edo bakarlari moduan aritzen bazara, eta elkarrekin geratzeko toki baten beharrean bazaudete, Gaztelekuak bi entsegu-areto eskaintzen ditu goizeko 10etatik gaueko 24ak arte.
Horretarako, gaurtik hasita datorren irailaren 30era arte irekiko da izena emateko epea, eta interesa dutenek musika@lasarteoriasarean.eu helbide elektronikora e-mail baten bidez eskaera bat egin beharko dute, taldearen izena, partaide-kopurua, eskatzailearen izen-abizenak eta entsegatu nahiko luketen egun eta orduen azalpen bat emanez.
Eskaera egiten dutenen artean, lehentasuna izango dute hogeita hamar urtetik azpikoek.
Nerabeen zerbitzua
Iaz bezala, aurten ere asteartetik ostiralera arratsaldeko 17etatik aurrera nerabeentzako aisialdi-zerbitzua eskainiko du Gaztelekuak. Bertan futbolina, tailerrak, mahai-tenisa, bideo-jokoak eta beste hainbat denbora-pasa izango dituzte giro jatorrean arratsaldeak gozatzeko.
SEXU-INFORMAZIOKO ETA AHOLKULARITZAKO BULEGOA LASARTE-ORIAKO GAZTELEKUAN.
2013ko abenduan, sexu-informazioko eta aholkularitzako bulegoa ireki genuen Lasarte-Oriako emakume-zentroan. Lehenbiziko unetik, gure proposamena udalerrian zerbitzu integral bat sortzera bideratu genuen, Lasarte-Oriako gizartearen sektore guztiei leku emateko.
Hori dela eta, oraingo honetan sexu-informazioko eta aholkularitzako bulegoaren formatu berri bat aurkezten dugu, Lasarteko gazteei espresuki zuzendua. Horretarako, Gaztelekuan areto bat prestatuko da ostegunero, arratsaldeko 6etatik 8etara, lasartear gazteek sexuaren aroan dituzten zalantza, beldur, jakin-min eta premia guztiak kontsultatzeko aukera izan dezaten, modu zientifikoan, dohainik, konfidentzialtasunez eta beren garapen erotiko eta sexualerako balio izateko eran. Zerbitzu hori banaka, bikoteka edo taldeka jaso ahalko da.
Sexu-informazioko bulegoak beharrezko tresnak dira gazte zoriontsuak hazi nahi baditugu, beren generozko erlazioetan kritikoak izango direnak eta sexualitatea zerbait langarri bihurtzeko joera izango dutenak, beti gai polemikoa izan den hau alderdi positibotik nahiz alderdi problematikotik ikusiz.
Zerbitzu honekin planteatzen ditugun helburuak honako hauek dira:
- Lasartear gazteak sexualitatearekin, bikote-erlazioekin eta garapen erotikoarekin zerikusia duen guztiaz informatzea, generozko estereotipoak ezabatuz eta erlazio erotiko osasuntsuak eta arduratsuak ezartzeko neurri eraginkorrak hartuz.
- Sexu-hezkuntzari buruz institutuetan lehendik duten prestakuntzaren jarraipen gisa balio izatea, lehendik ematen diren zerbitzuak optimizatuz baina prozesua indibidualizatuz.
- Ostegunetan bulegoa lasartear gazteen topaleku bihurtzea, informazioa bilatzeko eta erabakiak hartzeko tokia izango dena.
- Sexualitateari buruzko guztian hain ugari diren mito, insatisfazio eta problematizazioen kopurua murriztea.
- Giza sexualitatera alderdi positibotik eta elkarbidetik hurbiltzeko modua eskaintzea.
- Sexu-gaietan aholkatzea eta informatzea, juzgatu eta doktrinatu gabe.
Sexu-informazioko eta aholkularitzako bulegoa Gaztelekuan. Ostegunetan, 6etatik 8etara. Aurretik hitzordua eskatu gabe.
Iruzkinak
-
june egaña gereta
2014-09-17 / 20:33:03zumbako ikastaroa interesatzen zait