Albisteak
Gaztelekua hainbat proiektu ezberdinez bete da urte betean
2014-05-07 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Gazteria
Dagoeneko urte bete igaro da Lasarte-Oriako Gaztelekua martxan jarri zenetik eta denbora guzti honetan espazio berri hau proiektu ezberdinez eta edukiz bete da. Proiektuaren helburua hasieratik gune berria hau gure Udalerriko gazteei beraien asmoetarako baliabideak eta aisialdi nahiz aholkularitza zerbitzu ezberdinak eskainiko dizkien erreferente bat bihurtzea izan da.
Horrela bada urte betean azpiegitura berri hau aste osoko egitarauaz bete da eta gazteen aisialdira zuzenduak dauden herriko hainbat talde eta elkarte bertako erabiltzaile finko bihurtu dira.
Jadanik martxan dauden jarduerak:
-Irakurketa eta lan txokoa: Hasieratik gazte ugarik adierazi dute gune hau erabiltzeko interesa eta gaur egun batez ere eskolatik bidalitako etxeko-lanak egiten edo eta ikasten aritzen dira arratsalde askotan. Gainera bertan kokatua dago gazteentzako informazio bulegoa ere, eta behar dutenerako aholkularitza ematen zaie.
-Nerabeen txokoa: Nerabeentzako zerbitzu bat martxan jarrita dago eta begiraleak izaten dira asteartetik ostiralera arratsaldeko 17etatik 20etara beraien aisialdia lantzeko.
-Dantza aretoa: Momentu honetan asteartetik larunbatera bitartean dantza aretoa beteta egoten da eta bertan mota ezberdinetako saioak izaten dira.
- Kukuka Dantza eta antzerki elkartea: Kukukako DBH1 eta DBH4 arteko gazte taldeak bertan egiten dituzte bere entseguak.
- Break dance saioak: Bi gazte talde aritzen dira break dance saioak egiten astean hiru bider.
- Zumba: Gaztelekuak antolaturiko ikastaro arrakastatsu bat da eta ostegunero 30 lagun inguru biltzen dira Zumba dantza saioak egiteko.
-Familia Heziketa zerbitzua:
Taldea sortzeko zailtasun, babesgabetasun edo arriskuko egoeran dauden 14 eta 16 urteko bitarteko gazteek hezitzaileekin lan ezberdinak egiten dituzte Gaztelekuan.
Horretarako, adierazle batzuk hartuko dira kontuan:
- Arazo familiarreko egoera (babesgabetasunen bat).
- Isolamendu soziala edo integrazio eza.
- Eskola porrota.
- Lan munduan sartzeko eta sozietatean kolaboratzeko motibazio eza.
- Berdinkideekin edo inguruarekin liskarrak.
- Harremanak izateko gaitasun falta.
- Berdinkide talde egonkor eza.
Proiektuak ondorengo helburu zehatzak ditu:
- Integrazio sozialean laguntzen duten ohiturak eta gaitasunak lortu
- Komunitatean eta gertuko inguru sozialean rol aktibo eta parte-hartzailea bete
- Proiektu kolaboratzaile baten parte izatea
- Praktikaren ikuspuntutik formazioa eta lana aurreko esperientzia positibo eta berriak gehitu
- Birziklatutako materialarekin artisau lana berreskuratzea gaur egungo balio gisa (gazteekin egiten dugun lan pertsonalaren metafora)
- Hezitzaileek egiten duten taldeko eta banako lan integratzailea bermatu
-Entsegu gelak: Gaur egun 19 musika taldek entseatzen duten Gaztelekuan dauden bi entsegu-geletan eta asteartetik larunbatera eguerditik hasita iluntze-arte aritzen dira. Musika estilo ezberdinetako taldeak hauek dira:
AOD, DYPA, Radio Nowhere, The Garax, La huerta del punk, A human disaster, Son Kandela, Strummer band, Electronic galery, Obito, Withowt me, Psikoacustic, Hogei minutu, Zokormazo eta partikular moduan izena eman duten beste hainbat.
-Bilera gelak: Gaztelekuan bi bilera gela daude nahi duenaren eskura, erabilera puntuala edo eta erabilera jarraitua izan dezakete. Oraintxe bertan, erabilera jarraitua talde batek bakarrik ematen dio: Rol jokoen jokalari elkarteak.
Etorkizuneko apustuak
-Nerabeentzako zerbitzu berria
Hurrengo kurtsoan martxan jarriko den apustu garrantzitsua izango da eta nerabeen ezaugarri, interes eta beharrei erreparatuta, horiengan eragiteko orduan helburu orokor hauek izango ditu:
- Pertsona eta hiritar eraikuntza modu ezberdinen garapenerako baldintzak sortzea.
- Neska-mutilei ingurune hurbilenean aurki ezin ditzaketen aukerak bilatzen lagundu, haien esperimentazioa esperientzia bilakatu eta bizitzan aurkituko dituzten arrisku egoerei autonomoki erantzun ahal izateko baliabideak eskaintzea.
- Ingurune sozialarekiko harreman integratzaile eta parte hartzailea jorratzea.
- Ikasteko eta harremanak egiteko aukerak sortzea.
- Euren ibilbidea eta trantsizioak erraztu, eurak indartu eta ingurune arriskagarrietan eta beti positiboak ez direnetan garatzeko gaitasuna sustatzea.
- Neska-mutilen autonomia, antolatzeko gaitasuna eta autogestioa indartzea.
-Sexologia zerbitzu berria
Emakumeen zentroan dagoeneko martxan dago Sexu aholkularitza bulegoa, baina bere aurkezpenean esan bezala, bulego honen funtzionamendua mugikorra izango da eta helburua zerbitzua ezaugarri ezberdinetako herritarrei eman ahal izatea da. Horregatik astean behin, ostegunetan 18etatik 20etara, sexu aholkularitza bulegoa Gaztelekuan egongo da.
-Sarrera elektronikoa
Orain artean ordutegi mugatua izan du Gaztelekuak eta bertako erabiltzaileak gazte informazio bulegoaren ordutegira moldatu behar izan dira. Hemendik aurrera ordea, bertara sartzeko txartel bidezko sarrera elektronikoa jarriko da martxan eta erabiltzaile guztiek izango dute aste osoan zehar eta ordutegirik gabe nahi dutenean sartzeko aukera.