Albisteak
Esna Hadi Kultur Elkarteak 2. KaleraFest jaialdia sustatu du
2016-12-15 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Abenduaren 17an, larunbatarekin, hainbat jarduera kultural eta musikalek Lasarte-Oriako kaleak beteko dituzte egun osoan zehar, Lasarte-Oriako 2. KaleraFesten. Esna Hadik antolatu du, Udalarekin hitzarmen bat sinatuta, eta herriko beste hainbat elkartek ere parte hartuko dute.
Udalak babestu egin du ekimen hau, balio handikoa iruditzen baitzaio eta iaz harrera bikaina egin baitzioten lasarteoriatarrek. Hori dela eta, hitzarmen bat sinatu da Esna Hadirekin, zeinetan Udalak konpromisoa hartzen baitu espazioak nahiz instalazioak uzteko eta 3.676 euroko ekarpen bat egiteko. Sustatzaileen artean 50 elkarte inguru daude: herriko elkarteak, establezimenduak, ostalaritzako establezimenduak…
Berritasun gisa, jaia espazio berri batera zabaltzea aipatu behar dugu, izan ere, aurten Sasoetan ere jarduerak izango dira auzokideen elkartearen kolaborazioari esker. Kale Nagusia itxi egingo da arratsaldean, crossfit erakustaldi bat egiteko.
KaleraFestek topagune izan nahi du adin guztietakoentzat, herriko kale eta tabernetan. Horretarako, kultur eta aisialdi arloko hainbat jarduera antolatu dira, txikienentzat eta adinekoenentzat. Ekimenaren atzean dago, halaber, herriko bizitzan herritarren parte hartzea bultzatzeko nahia. Sinergia kulturak sortzeko ahalegin bat da, kultura parte-hartzaileago eta komunitarioago bateranzko abiapuntua baita jaialdi hau.
Goizean, jolas eta heziketa arloko jarduerak gazteenentzat; arratsaldean eta gauean, musika mota desberdinak kalean eta tabernetan. Horiek izango dira KaleraFesten ardatza.
Txikienentzako jardueren artean, nabarmentzekoak dira REMen egingo den areto-futbol txapelketa, mural bat Sagardotegin eta hainbat kooperazio-jolas Okendon. Arratsaldean, hainbat haur tailer egingo dira Jaizkibel plazan.
Okendo plazan, goizean, bi tailer egingo dira: patinajea eta zunba. Goiza bukatzeko, pintxo-potea egingo da taberna kolaboratzaileetan zehar, batukadak eta txarangak lagunduta.
Trinketean jokatuko den dardo txapelketa batek emango dio hasiera arratsaldeari. Ondoren, musikaz gozatzeko aukera izango dugu, hainbat espaziotan. 18:00etatik aurrera, “Iñaki Forja” espazioan, REMen, punk-rockeko talde hauek izango ditugu: Korkones, Yakolev, We eta NX. “Gorri” espazioan, Arkupe tabernaren ondoan, Desembragadores eta Zaparra izango ditugu. Ilargi eta Remigio tabernen ondoan, berriz, Txili Pipar eta Paketes for the China Chain. “Inma Oneka” espazioan, Sagardotegik alean, reggae talde hauek joko dute: Reggae Sound System, Turning Point Sound System, Meets eta High Am I Sistema.
“J.M. Cerezo” espazioa musika akustikoari emana egongo da, Karpovianekin eta PJ Kahunarekin, Jaizkibel plazan. 23:00etan, Elektrotxarangak hainbat kaletan barrena ibiliko da, eta 24:00etan, Abenden, Evel Levelen emanaldia izango dugu.