Albisteak

Eskualdeko alkateek Garapen Agentzia bat sortzeko proposamena aurkeztu dute

2014-10-14 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Sozioekonomia

Gaur goizean eskualdeko alkateek prentsaurreko bat eman dute etorkizunean Buruntzaldeko garapen ekonomikoan lan egingo duen lankidetza subjektu berri baten proposamena aurkezteko. Proposamen hau hurrengo asteetan eskualdeko Udaletara eramango dute martxan jartzeko.

 

Prentsaurrekoan esandakoak:

Gaur Buruntzaldeko udalerrietako ordezkariak elkartu gara hemen gure ustez eskualdeko garapen ekonomiko arloan aurrerapauso handia ekarriko duen proposamena aurkezteko, gure udalerrien arteko lankidetzari esker aro berri bat abian jarri dezakeelakoan.  Azken urte hauetan elkarrekin lanean aritzeko baldintza egokiak sortzeko ahaleginaren fruitua da gaur dakarguna, aurrerabide nabarmenak lortu baititugu duela bi urte baino gehiago hasitako ibilbidearen ondorioz.  

 

2012ko maiatzean erein zen lehen hazia, garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko helburuz Eskualdeko Lankidetza Protokolo Orokorra izenpetu zenean, eskualdeko udalerri guztien parte hartzearekin. Une horretatik abiatuta martxan jarritako proiektuak aurrera eta aurrera egin du etengabeko bilakaeran. Bide horretan, eskualdeko enplegu plana prestatu zen. Horren barruan eskualdeko egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egin zen eta arlo desberdinetako ildo estrategikoak eta lehentasunak identifikatu ziren, hainbat mahai sektorial eratuz, zeinetan parte hartu zuten gizarteratze eta laneratze arloko erakundeek, lanbide heziketa eta berrikuntzako zentroek, sindikatuek, langabetu elkarteek, enpresa handi eta ertainek...

 

Horrela, eskualdeko Enplegu Plana parte hartzaile guztien ekarpenetan oinarrituz egiteak, hainbat arlotan esku hartzeko aukera eman du, esate baterako: prospekzioen bidez prestakuntza programak definitzen, enpresen sorkuntza eta kudeaketarako prestakuntza ematen, enpresa sortu berriei laguntza ematen, eta proiektu berezi desberdinetan gauzatu diren bestelako ekintzak egiten.

 

Eta hori guztia eskualdeko udaletxeetako teknikarien arteko lankidetza eta elkarlanari esker egin da, haiek egin baitute, horretarako eskualde mailako tresna egokirik ez zegoela-eta, kudeaketa lan guztia.  Gaur egun arte helduz eta haziz joan den lana izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak kudeatzea eta, horrekin batera, udalek eskualdeko enpleguari zuzendutako 1.000.000 eurotik gorako ekarpenak egitea dakarrena. Datu horrek erakusten du azpiegitura baten beharra dagoela gaur egun egiten den lana kudeatzeko eta etorkizunera begira proiektu handinahiagoak prestatzeko, adibidez inguruko enpresetan hobekuntzak eta berrikuntzak egiteko, klusterrak sortzeko, gure baliabideak internazionalizatzeko eta abar, eta abar.

 

Izan ere, oraindik horrelako azpiegiturarik ez duen eskualde bakarra gara Gipuzkoa osoan. Une honetan, dagoeneko ondo finkatuak dauden hainbat Garapen Agentziek osatzen dute Gipuzkoako mapa, esperientzia handikoak gainera, hala nola, Oarsoaldea, Tolosaldea, Garatzen eta Goieki. Agentzia horiek eskaintzen dituzte, besteak beste, enpresen konpetitibitatea bultzatzeko zerbitzuak, ekintzaileei zuzendutako ekimen berriak garatzeko laguntzak, enplegu arloko lankidetza Lanbiderekin...

 

Horregatik, lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkiegu eskualde mailako apustu honetan sinetsi duten eta ekarpenak egin dituzten guztiei. Historikoki abagune paregabe baten aurrean gaude, orain dela bi urte ereindako hazitik sagarrondo eder bat jaio baita, eta dagoeneko lehen fruituak ematen ari baita. Orain fabrika bat sortzeko unea iritsi da, gure sagardotegi propioa sortzekoa, sagarrari ahalik eta zuku gehien ateratzeko eta anbizio handiko proiektuak gauzatzeko.

 

Guztion artean sortutako sagardotegi propio hori izango da gaur gure eskualdeko udalerrien ordezkarien bidez proposatzen dizuegun Garapen Integraleko Agentzia berria. Datozen asteetan udaletara eramango dugu proposamena, sostengua eman diezaioten eta, hartara, Buruntzaldeko garapen sozioekonomikoari etorkizun berri bati ateak irekitzeko moduan egon gaitezen.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna