Albisteak
Eskolako materiala erosteko laguntzak 33 familiatara iritsi dira
2017-01-31 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako 53 eskola-umeren 33 familia izan dira 2016-2017 ikasturterako eskola-materiala erosteko laguntzen jasotzaile. Onetsitako laguntzen kopuru totala 2.740 euro izan da.
33 familia horietatik, 27 diru-sarreren lehen tartekoak dira, 4 bigarrenekoak eta 2 hirugarren tartekoak. Hiru eskaera geratu dira laguntzetatik kanpo: bat, familiaren diru-sarreretan kopurua gainditzen zuelako, eta beste biak, Udalarekin zorretan zeudelako.
Laguntzak 40.000 eurotik beherako diru-sarrerak zituzten familiei destinatuta zeuden. Programa berriaren helburuak dira, batetik, eskola-adineko haurrak dituzten familiei laguntzea krisi-garai honetan eta, bestetik, eskolako materiala Lasarte-Oriako herriko dendetan eros dezaten sustatzea.
Materiala izan zitekeen idazmahaikoa, eskolako jarduerarako behar diren arropak, optometriako materiala, kirolerako materiala edo jarduera artistikoetarakoa. Ikasle eta familia-unitate bakoitzeko jaso zitezkeen laguntzak honako hauek dira:
-
20.000 eurotik beherako diru-sarrerentzat, 75 €
-
20.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 50 €
-
30.000 eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 25 €
Laguntza jasotzeko aukera izan zezaketen lehen eta bigarren hezkuntzako derrigorrezko etapetan eskolatutako adingabeak zituzten familiek, berdin zelarik zein udalerritan eskolatuak zeuden, baina ezinbestekoa zelarik eskolako materialaren erosketa beti Lasarte-Oriako dendetan egina izatea.