Albisteak
Eskolako materiala erosteko laguntzak 33 familiatara iritsi dira
2017-12-21 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako 91 eskola-umeren 60 familia izan dira 2017-2018 ikasturterako eskola-materiala erosteko laguntzen jasotzaile. Onetsitako laguntzen kopuru totala 4.485 euro izan da.
60 familia horietatik, 36 diru-sarreren lehen tartekoak dira, 18 bigarrenekoak eta 6 hirugarren tartekoak. Sei eskaera geratu dira laguntzetatik kanpo: bi, familiaren diru-sarreretan kopurua gainditzen dutelako; bat, erosketa udalerritik kanpo egin duelako; beste bat, haren diru-sarrerak konprobatu ezin direlako, eta beste bi, Udalarekin zorretan daudelako.
Programaren onuradun diren familien kopurua % 81 gehitu da, eta eskola-umeena % 72. Iazko kurtsoan baino 1.745 euro gehiago eman dira, hau da, % 63 gehiago.
Laguntzak 40.000 eurotik beherako diru-sarrerak zituzten familiei destinatuta zeuden. Programa berriaren helburuak dira, batetik, eskola-adineko haurrak dituzten familiei laguntzea krisi-garai honetan eta, bestetik, eskolako materiala Lasarte-Oriako herriko dendetan eros dezaten sustatzea.
Materiala izan zitekeen idazmahaikoa, eskolako jarduerarako behar diren arropak, optometriako materiala, kirolerako materiala edo jarduera artistikoetarakoa. Ikasle eta familia-unitate bakoitzeko jaso zitezkeen laguntzak honako hauek dira:
-
20.000 eurotik beherako diru-sarrerentzat, 75 €
-
20.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 50 €
-
30.000 eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 25 €
Laguntza jasotzeko aukera izan zezaketen lehen eta bigarren hezkuntzako derrigorrezko etapetan eskolatutako adingabeak zituzten familiek, berdin zelarik zein udalerritan eskolatuak zeuden, baina ezinbestekoa zelarik eskolako materialaren erosketa beti Lasarte-Oriako dendetan egina izatea.