Albisteak
Eskolako materiala erosteko laguntzak
2016-06-01 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalak eskolako materiala Lasarte-Oriako dendetan erosteko laguntzen programa bat jarri du martxan 2016-2017 ikasturterako, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendua. Laguntzak 75, 50 edo 25 eurokoak izan ahalko dira. Alkateak gogorarazi du funtsezkoa dela egindako erosketaren froga-agiria gordetzea.
Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Maite Iglesias hezkuntzako zinegotziak laguntza berriak aurkeztu dituzte, 40.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiei destinatuak. Programa berriaren helburuak dira, batetik, eskola-adineko haurrak dituzten familiei laguntzea krisi-garai honetan eta, bestetik, eskolako materiala Lasarte-Oriako herriko dendetan eros dezaten sustatzea.
Materiala izan daiteke idazmahaikoa, eskolako jarduerarako behar diren arropak, optometriako materiala, kirolerako materiala edo jarduera artistikoetarakoa. Ikasle eta familia-unitate bakoitzeko jaso daitezkeen laguntzak honako hauek dira:
- 20.000 eurotik beherako diru-sarrerentzat, 75 €;
- 20.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 50 €;
- 30.000 eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat, 25 €.
Laguntza jasotzeko aukera izango dute lehen eta bigarren hezkuntzako derrigorrezko etapetan eskolatutako adingabeak dituzten familiek, berdin delarik zein udalerritan eskolatuak dauden, baina ezinbestekoa delarik eskolako materialaren erosketa beti Lasarte-Oriako dendetan egina izatea.
Laguntza jaso ahal izateko, eskaerari erantsi beharko zaizkio herriko dendak emandako tiketen edo faktura sinplifikatuen jatorrizkoak. Tramitazioa on-line egiten bada, sinestamendu horiek eskaneatuta eta elektronikoki behar bezala sinatuta erantsi beharko dira.