Albisteak

Ertzaintzarekin koordinatzeko protokoloa sinatu da

2017-02-27 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Karmelo Martínez Hernaniko Ertzaintzaren komisariako buruak gaur goizean sinatu dute udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko harremanak arautuko dituen protokoloa. Barruan hartzen du generozko bortizkeriaren kasuetan nola jokatu.

Alkateak jakinarazi duenez, sinatu den protokoloa dokumentu estandar bat da, bi polizien artean koordinatzeko bideak ezartzen dituena. Arautzen dituen prozeduren artean daude nola jokatu urgentziazko kasuetan, informazioa nola transferitu bi polizien artean edo funtzioak nola banatu generozko bortizkeriaren kasuetan.

Helburua da polizia lokalak nahiz Ertzaintzak herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua eta arreta hobetzea, koordinazio faltagatik gerta litezkeen arazoak ekidinez.

Martínezek nabarmendu du oraingo protokoloak lehendik zegoena ordezten duela, hura zaharkitua geratu baitzen. Berritasun gisa, etxe barruko eta generozko bortizkeriaren kasuetan atenditzeko prozedura berriak jasotzen ditu, biktimenganako arreta hobetzen dutenak. Bi polizien artean komunikatzeko eta informazioa transferitzeko era sendotu eta hobetu egin da, orain egunero egingo baita, jarduketa azkarrago eta efektiboago baterako funtsezkoa izan daitekeen informaziorik gal ez dadin.

Hernaniko polizia-etxeko buruaren arabera, protokolo honek lehendik ere egiten zena jaso eta formalizatu egiten du, hartara buruzagitzetan gertatzen diren aldaketek eraginik izan ez dezaten herritarrei ematen zaien zerbitzuan. Polizietako bakoitzak dituen eskumenak jasotzen ditu era askotako gaiei buruz, hala nola zaratak, ordutegiak, istripuak, manifestazioak, lapurretak edo generozko bortizkeria. Horrez gain, premiazko kasuetan beste poliziari laguntza eskatzeko moduak definitzen ditu.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna