Albisteak

Emakumeenganako indarkeriaren nazioarteko aurkako eguna

2014-11-26 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Emakumea

Udalak bozeramaileen batzordean emakumeenganako nazioarteko indarkeriaren aurkako eguna dela eta hurrengo adierazpen instituzionala onartu du. Gainera, atzoko egunean antolatutako egitarau zabalaren baitan mosaiko bat osatu zuten herritarrek Okendo plazan.

 

Adierazpen instituzionala:

Azaroaren 25a ‘Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna’ da. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalak bere gaitzespen irmoa erakusten du indarkeria sexistako agerpen mota guztien aurrean; izan ere, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen emaitza dira.

 

Eraso eta portaera sexistak ez dira indibiduo batzuen jarrera isolatuak, ezpada mundu osoan indarrean dagoen sistema baten parte. Sistema horren bitartez, emakumeen indarkeria ahalbidetzen da, haurtzarotik hasi eta euren bizitza osoan zehar. Hainbat neurritako jarduera oldarkor eta matxistak dira, baina denek egiten diete eraso –zuzenean edo zeharka– emakumeen osotasunari, askatasunari eta gaitasunari. Zoritxarrez, oraindik ere, emakumeen aurkako erasoak baimentzen eta legitimatzen dituzten jarrera eta portaera ugari antzematen dira gizartean; esate baterako, erasoak jasan dituzten neskek eta emakumeek jarritako salaketen egiazkotasuna zalantzan jartzea, botere-espazioetatik indarkeria hutsaldu eta justifikatu nahian eta gaiari garrantzia kendu nahian egiten diren adierazpen publikoak, edo komunikabide batzuek indarkeriari ematen dioten tratamendu azaleko eta sentsazionalista, besteak beste.

 

Erakunde publikoek gure jardueraren erdigunean jarri behar dugu indarkeria sexista mota oro errotik suntsitzeko ahalegina. Horretarako, beharrezkoa da programa egonkor eta jarraituak garatzea, indarkeriarik gabeko gizartea lortu ahal izateko. Era berean, programa horiek baliabide ekonomiko eta pertsonalez hornitu behar dira.

 

Indarkeria mota guztiak desagerrarazteko gure konpromiso aktiboan, gure herriko neska eta mutil gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko lanaren aldeko apustu irmoa egiten dugu; izan ere, herri honetan indarkeria matxistak duen eragina arduratzen gaituen errealitatea da. Hori dela eta, aurten ere, jende gaztearekin lan egiten jarraitzen dugu, Beldur Barik programaren markoan.

 

Erakunde publikoek arlo horretan garatu eta sendotu behar ditugu berdintasun politika publikoak, Berdintasun Sailen gidaritzapean, eta Hezkuntza eta Gazteria Sailetatik ere politika estrategikoekin indarrak batzeko ahaleginean. Hori guztia, indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik programaren markoan, betiere, helburu nagusi batekin: esparru guztietatik, emakume gazteen jabekuntza ahalbidetuko duten eta desberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko duten gaitasuna sustatuko duten politikak garatzea. Politika horiek, era berean, lana eta gogoeta sustatu behar dute mutilekin, euren protagonismoari eta indarkeria matxistan duten erantzukizunari buruz, erasoa zer den eta zer ez identifikatzeko dituzten zailtasunei buruz, erasoetan daukaten parte-hartze aktiboari buruz edo eraso baten aurrean ikusle pasibo gisa hartzen duten paperari buruz.

 

Beldur Barik estrategia hauetan egingo den lanari esker, indarkeria onartzen duten, indarkeria justifikatzen duten edo erasoak eta emakumeenganako jarrera diskriminatzaileak hutsaltzen dituzten diskurtsoak onartuko ez dituen eta naturaltzat hartuko ez dituen gizartea eratzen joango da.

 

Hori guztia dela eta, Lasarte-Oriako Udalak konpromisoa hartu du:

 

 

Eta, era berean, herritarrei gonbit egiten die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista/matxista gaitzesteko ere.

 

Azkenik, gonbit egiten dizue, bereziki neska-mutil gazteei, azaroaren 25ean, ‘Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna’ dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna