Albisteak
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta adierazpen instituzionala eta elkarretaratze deialdia
2013-11-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala | Emakumea
Lasarte-Oriako Udalak, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta hurrengo adierazpen instituzionala onartu du eta astelehenerako emakumearen zentroak antolaturiko elkarretaratzera dei egiten du. Elkarretaratzea arratsaldeko 19etan Okendo plazan izango da.
Adierazpen instituzionala:
“Azaroaren 25ean ospatzen den “Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna” dela-eta, sexu-erasoetan jarri nahi dugu arreta, batez ere, neska gazteek jasaten dituztenetan.
Azken urteotan, aldaketa nabarmenak izan dira emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanetan. Hala ere, eta aurrerapenak gorabehera, askotan ikus dezakegu harreman hauek gure gizartean sustraiturik dagoen desberdintasunean oinarrituta eraikitzen direla oraindik ere, eta, ondorioz, eguneroko jarreretan agertzen dela, desberdintasun hori ugarituz eta betikotuz.
Hain zuzen ere, desberdintasun-testuinguru horretan sartu behar ditugu erasoak, izan ere, eraso horietako asko hain daude normalizatuta eta hain dira egunerokoak, neska gazteek nekez antzeman ditzakete.
Zenbait faktorek neska gazteek sufritzen dituzten hamaika mikro eraso sexista erakusten dizkigute, baina, leunak direnez, normaltzat hartzen ditugu; faktore horietako batzuk honakoak dira: nesken sexualizazio etengabea; emakumearen gorputza desira-objektu gisa ikustea; kontrola ezinezko sexualitatea duen gizonaren estereotipoa, bere ekintzen erantzukizun orotik salbuesten duena; edota jazarpenaren naturalizazioa, hurbilketa sexualeko estrategia gisa.
Emakumeenganako indarkeria errotik desagerrarazteko lanak, lehenik eta behin, agerian utzi behar ditu indarkeria mota horiek, desberdintasuna eta sexu-indarkeria sustatzen dituzten mezu sexistak antzemanez.
Era berean, beharrezkoa da, erasoak prebenitzeko erabiltzen diren estrategietan, beldurraren bitartez euren segurtasunaren erantzule izatea saihesten duten mezuak helaraztea neska gazteei. Halaber, mezu horiek nesken jabekuntza sustatu beharko lukete eta sexualitate aktiboa izateko eskubidea aintzatetsi, betiere, neskak estigmatizatu gabe edo jarrera arriskutsuen erantzule egin gabe.
Funtsezkoa da hezkuntza afektibo-sexuala izatea, gazteek errespetuan eta berdintasunean oinarritutako sexualitatea gara dezaten. Beharrezkoa da eurekin berariaz hitz egitea, eraso mota oro prebenitzeko izan behar duten papera azpimarratuz, eta adieraztea euren jarrera sexisten eta euren testuinguruaren gaineko erantzukizuna izan behar dutela.
Hori guztiori dela-eta, Udal honek:
KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso, parte-hartzaile eta koordinatua garatzeko, arreta berezia jarriz neska gazteek eta nerabeek jasaten duten indarkerian.
Horretarako, ekimenak abiaraziko ditu, emakumeak, batez ere emakume gazteak, zaurgarritasunari aurre egiteko eta jabekuntza sustatzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitzeko. Aldi berean, jarrera sexistak prebenitzeko eta eguneroko mikro eraso sexisten kontrako jarrera aktiboa eta irmoa hartzeko lan egingo du.
Era berean, GONBIT EGITEN DIEGU herritar guztiei, eta bereziki herriko neska-mutil gazteei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera, bai eta “Beldur Barik” gazteen arteko berdintasunerako prebentzio eta hezkuntza programan ere.”