Albisteak
EB-Turkia akordioaren kontrako elkarretaratzea
2016-04-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Udalak elkarretaratze batera deitzen ditu lasarteoriatarrak datorren astelehenean, apirilak 25, 19:00etan, Okendo Plazan, beren arbuioa adieraz diezaioten Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioari eta babesa ager diezaieten gerratik ihesi gure lurretan aterpea bilatzen dutenei.
Joan den udalbatzarrean onetsitako deklarazio instituzionalaren arabera, zeinetan arbuiatzen baitzen Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek Turkiarekin lortutako akordioa, migrante guztiak —asilo-eskatzaile siriarrak eta beste edozein nazionalitatekoak barne— Turkiara bueltatzea aurreikusten duena, herritarrei dei egiten zaie arbuio hori ager dezaten Okendo Plazan egingo den elkarretaratzearen bidez, argi eta ozen esateko ez gaudela ados eta exijitzen dugula errefuxiatuek bizi duten egoera larriari urgentziazko erantzun humanitarioa eman dakiola, nazioarteko asilo-eskubidea eta giza eskubideak errespetatuz.