Albisteak
Buenos Aires Aldaparen eta Goikale – Kale Nagusiaren berrurbanizazioa
2016-01-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Aurten, azkenean, Udalak Buenos Aires Aldapa eta Gokale – Kale Nagusiaren ingurua berrurbanizatzeari ekingo dio, Alkatetzak kudeatuta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza bati esker.
Jesus Zaballos alkatea Agustín Valdivia hirigintzako zinegotzia pozik agertu ziren gaur iragarpen hau egin ahal izateagatik, “bi obra horiek aspaldi ekin behar zitzaien obrak direla uste baitugu”. Aurtengo ekingo zaien bi obrak Buenos Aires Aldapa eta Goikale 20-22ko ingurua berrurbanizatzea da.
Inbertsio hau, milioi bat eurotik gorakoa, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei PSE-EEk egindako emendakin bat onartu izateari esker izango da posible. Zaballosek nabarmendu zuenez, “gobernu arduratsu bati dagokio udalekoez haragoko baliabideak lortzea, gure herrian inbertsio gehiagori aurre egin ahal izateko”. Eta hori PSE-EEk “hirietako irisgarritasuna hobetzeko obrak” egiteko jarritako emendakin bat onartu izateari esker izan da posible.
Baldin eta obren lizitazioen ondoren soberakinik balego, dirua Orian Karmengo kaperaren parean pasabide seguru bat egiteko xedatuko litzateke, eta Andatza Plazan arrapala bat egiteko, biak ala biak ere inguruko auzotarrek erreklamatutako interbentzioak. Eusko Jaurlaritzaren programa honetan sartu ezingo balira, udalaren beraren baliabideekin ekingo litzaieke.
Ondoren, aurreikusitako bi interbentzioak azaldu zituen Valdiviak: “urtea amaitu baino lehen burututa egon beharko dute, eta obren proiektuak Udaleko Bulego Teknikoak idatziko ditu”.
BUENOS AIRES ALDAPA ERABERRITZEA.
Zabaleta auzoaren eta Lasarte-Oria udalerriko erdigunearen arteko oinezko konexioaren betiko ezaugarria izan da irisgarritasun kaskarra duela pertsonentzat. Auzoan egiten ari diren garapen berriak direla eta, bizitegi-eremu berriak ezarri baitira Zabaletaberri eta Goiegiko Ibarrean, gehitzen ari da auzo horretako biztanle-kopurua. Beraz, lehen ere oso beharrezkoa bazen jarduketa bat, orain gomendagarria baino gehiago ere bada. Garapen horiek direla bide, ibilgailuen zirkulazioa beste ikuspegi batetik analiza eta estudia ditzakegu, trafikoaren norabide bakarreko ibilbidea onar baitezakete Buenos Aires Aldapan, eta horrek espaloiak zabaltzea ahalbidetuko luke. Obraren kostu aurreikusia 596.000 euro da.
GOIKALE ETA KALE NAGUSIKO BERRURBANIZAZIOA.
Loidibarrengo eremuak osatu du egiteke zeukan berrurbanizazioaren parte handi bat, eta nabarmen hobetu da ingurunea, bi zona horiek urbanizatzeko irizpideak bateratu egin direlarik, oso era ezberdinetan kontzebitu baitzituzten beren lehengo kudeatzaileek (Urnietako Udalak eta Hernanikoak). Zona txiki bat, Goikaleko 20. eta 22. atariena eta Kale Nagusiko 51. eta 53. atariena, eginkizun geratu da. Bertako auzotarren erreklamazio bat da hori, soluzio bat eskatu baitute, hango espaloien irisgarritasun-zailtasunak direla eta. Aurreikusitako kostua 400.000 euro da.