Albisteak
Beldur Barik lehiaketa antolatu da aurten Lasarte-Orian
2014-10-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Emakumea
Aurten Lasarte-Orian lehenengo aldiz Beldur Barik lehiaketa antolatuko dugu Kukuka Antzerki eta Dantza eskolaren, Landaberriko ikastetxearen, Lasarte-Usurbil institutuaren, Jalgune eta Okendo Zinema taldearen laguntzaz. Lehiaketa honetan, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartu, baloratu eta bultzatuko da. Lan horiek errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzukizun-kidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dituzte.
Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa.
Landaberriko ikastetxeak, Lasarte-Usurbil ikastetxeak eta Kukuka eskolak beraien konpromisoa hartu dute beraien ikasleekin gaia lantzeko. Bestetik Jalgune aisialdi taldeak ere parte hartuko du
Parte hartzaileak: lehiaketara 12 urtetik 30 urte arteko gazteek aurkeztu ahalko dira, baina Lasarte-Oriako sarietarako Lasarte-Orian erroldatutakoak baino ez dira kontuan hartuko.
Sari Banaketa:Lehiaketako irabazleentzako sari banaketa Manuel Lekuona Kulturetxeko auditorioan egingo da azaroaren 21an eta bideo irabazleak pantaila handian ikusi ahal izango dira. Epaimahai lanak Okendo zinema taldeak egingo ditu eta ondoren pelikula bat proiektatuko dute.
Lasarte-Oriako sariak:
- Kategoriako saria (12 – 17 urte):
- 1.Saria: 300€
- 2.Saria: 150€
- Kategoriako saria (18 -30 urte):
- 1.Saria: 300€
- 2.Saria: 150€
Nola parte hartu: Deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsonek beraien bideoak youtube edo Vimeo bezalako plataformetara igo eta ondoren Emakumearen zentrora joan beharko dira datuak ematera. Arreta orduak astelehen eta asteazkenetan 16:00tik 19:00etara eta astearte, ostegun eta ostiraletan 10:00tik 13:00tara.
Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmob, kamera aurrean errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak, argazkiak, argazki-muntaiak, fotonobelak, lipdubak, dantza, film laburrak, animazio proiektuak, proiektuak edo artelanak bideoan aurkeztea, performanceak eta kaleko esku hartzeak, etab.
Lehiaketa bikoitza da: alde batetik, Berdinsareak Euskal Autonomia Erkidegoan antolatutakoa eta, bestetik, Lasarte-Oriako lehiaketa. Bietan arauak berberak dira.
Aurkezteko epea azaroaren 12an amaitzen da.
Lehiaketa orokorraren sariak:
- 1. kategoriako saria: 500 €
- 1. kategoriako aipamen berezia: 300 €
- 2. kategoriako saria: 500 €
- 2. kategoriako aipamen berezia: 300 €
- Saria ikus-entzunezko ekoizpen onenari*: 300 € + aukeratutako lanaren hedapena jaialdi desberdinetan (oraindik zehazteko dago).
- Herriaren saria*: 300€
Lehiaketa orokorreko proiektu irabazle guztien epaia azaroaren 29an emango da jakitera, Urola-Garaiko Mankomunitatean egingo diren Beldur Barik topaketetan.
Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak: www.beldurbarik.org edo Sexuen elkarbizitzarako emakumeen zentroan:
Beldur Barik Lasarte-Oria
Telefonoa: 943363958
E-maila: emakumezentroa@lasarte-oria.org
ANIMA ZAITEZ ETA ADIERAZI ZURE BELDUR BARIK JARRERA!