Albisteak
Banku arrosa bat, bularreko minbiziaren kontrako borrokaren oroigarri iraunkorra
2016-10-19 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udaleko eta Katxalin elkarteko ordezkariek banku bat arrosaz pintatu dute, etengabe gogorarazteko minbiziaren kontrako borrokak eguneroko zerbait izan behar duela, iraunkorra.
Jesus Zaballos alkateak adierazi du garrantzizkoa dela minbiziaren kontrako borroka egun bateko lorea bakarrik ez izatea, baizik eta ahalegin horrek jarraitua eta iraunkorra izan behar duela. Horregatik, Udalak erabaki du arrosaz pintatzea herriko banku bat, bularreko minbiziaren kontrako borrokaren aldeko keinu iraunkor gisa.
Zaballosekin batera egon dira Katxalin elkarteko zenbait kide, Zentro Zibikoko arduraduna, Maite Iglesias, eta Zerbitzu Sozialetako zinegotzia, Lourdes Acevedo, eta lehenik Katxalin elkartearen standa bisitatu dute. Elkartea bere eguneroko langintzarako dirua biltzen ari da, minbizi horren kontrako eguneroko borroka irudikatzen duten begizta arrosak banatzen dituen bitartean. Haren kontra borrokatzeko armarik onenak prebentzioa eta ikerkuntza direla gogoraraziz.
Ondoren, Ganbo 1 helbidera abiatu dira, eta han banku bat arrosa-kolorez pintatu dute, egun horren oroigarri eta hainbeste emakumeri erasaten dien minbizi-mota horretaz kontzientziatzeko bide gisa.
Alkateak adierazi du gune hori hainbat borrokari buruz kontzientziatzeko leku bihurtzea nahi duela: generozko bortizkeria, HIESaren kontrako borroka edo gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldeko borroka. Horiek izango dira gune horretako bankuetan progresiboki agertuz joango diren beste motiboak.