Albisteak

“Bakearen eraikuntzan guztiok gara bidelagun” elkarbizitza jardunaldiak

2014-05-29 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala

Hurrengo ekainaren 3, 5 eta 7 egunetan, 1927tik aurrera gerra zibila eta gainontzeko gertakari guztien testigu izan den Lasarte-Oriako frontoirik zaharrenak elkarbizitzari buruzko jardunaldiak jasoko ditu tokiko mailan bakearen bidean lan egiteko helburuarekin.

 

Nelson Mandelak, Hegoafrikako gatazkaren konponbidean eta adiskide-tzean nazioarteko ikonoak, zioen moduan “zure etsaiarekin adiskidetu nahi baduzu, berarekin lan egin behar duzu eta orduan zure lankide bilakatzen da” Horrela da, gure herria bezalako herri batentzako ezinbestekoa da ikuspuntu ezberdin guztietatik eta aniztasunetik lan egiten ikastea. Urteetan trintxeraren beste aldean, elkar joka, kokatu ditugun pertsonak entzutea eta enpatizatzea.

 

Horregatik, Udalak elkarbizitzaren inguruan kokatuko diren hausnarketa jardunaldi batzuk antolatu ditu eta hiru topaketatan banatuko dira: batetik iraganaren inguruan lan egitearen garrantziaz, bestetik orainaldian adostasun puntuak aurkitzeaz eta azkenik etorkizuneko ikuspegiak elkarbanatzeaz.

 

Udalaren aurkezpena:

Udala osatzen duten taldeen artean maila politikoan lanean aritu ondoren, eguneroko Udalaren kudeaketak sortzen dituen etengabeko tentsio eta desadostasunek lan hau zailtzen duela ondorioztatu dugu. Hortaz, eta alde guztien arteko beharrezko batasun bat lortzea ezinezkoa egin denez, hurrengo fasera igaro eta testigua herritarren eskuetan ustea pentsatu du Udalak. Era horretan, hemendik aurrera egin beharreko bidai berri honetan Lasarte-Oriako herritarrak izango dira protagonista eta motor lana egingo dutenak.

 

Horretarako, Gotzon Huegun, “Biharko eguneko memoria” eskulturaren bitartez sentsibilitate ezberdinetako herritar eta biktimak biltzea lortu zuen sortzailea izango da jardunaldi hauetako aurkezlea topaketei forma eman eta dinamizatzeaz arduratuko den Baletik fundaioarekin batera.  

 

 

Azken hamarkada luzeetan, sufrimendu asko sortu da eta horrek zauri asko eragin ditu gure artean. Bizikidetzaren berradiskidetze prozesu bat beharrezkoa da zauri horiek sendatzen  joateko. Berradiskidetzeaz hitz egiteak ez du esan nahi lagunak izan behar dugunik, baizik eta elkarren arteko onespenean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza bat sortu behar dugula.

 

            Horretarako, beharrezkoa dugu, iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko begirada bat partekatzea: iraganerako begirada kritikoa, orainarekiko begirada eraikitzailea eta etorkizunarekiko begirada prebentiboa.

 

            Bizikidetza horren inguruan lan egiteko martxan jarri den prozesu honetan herritarren papera oso garrantzitsua da, beraiek izan behar baitira prozesu honen onuradun. Sentsibilitate desberdinetako pertsonen partehartzea behar da eta sentsibilitate desberdineko pertsonak elkartzeko espazio partekatuak beharrezkoak dira, elkarri entzuteko eta elkarri adierazteko, beti ere errespetuzko jarrera batekin.   Hori da datorren asteko jardunaldi hauekin lortu nahi duguna.

 

·Ekainaren 3an, asteartea, iraganari begiratuko diogu Pako Etxeberriaren laguntzaz. Berak mahai gainean jarriko  ditu gerra zibiletik hasi eta gaur arte izan diren hainbat Giza Eskubideen urraketa eta  biktima guztiek dituzten hiru eskubideek duten garrantzia azpimarratuko du: egia, justizia eta errreparazioa.

 

Saio 19.00etan hasiko da Villa Mirentxuko Trinketean eta 3 atal izango ditu. Hasieran, Pakok bere hitzaldia eskainiko du, ondoren herritarrok gure artean solasean aritzeko aukera  izango dugu eta amaitzeko Pakorekin izango dugu solasaldia.

 

·Ekainaren 5ean,osteguna, orainari helduko diogu leku eta ordu berean. Saio honek ere 3 atal izango ditu. Lehenengoan “Hablan los ojos” dokumentala ikusiko dugu. Gorka Espiau zuzendariak 6 pertsona, 6 bizipen, 6 ikuspegi desberdin aurrez aurre jarri zituen Chillida Lekun. Beraien arteko solasaldia eta iritzi trukaketa entzuteko aukera izango dugu. Gauza bera egiteko gonbidapena bezala ere ulertu dezakegu. Ondoren, gure arteko solasaldirako tartea izango dugu eta amaitzeko Gorkarekin berarekin solasaldirako tarte bat irekiko dugu.

 

·Eta jardunaldiak amaitzeko, ekainaren 7an, larunbata, goizeko 9,30etan hasi eta eguerdiko 13,30 bitartean etorkizunari begira jarriko gara. Metodologia partehartzaile baten bidez, Lasarte-Orian, bizikidetza hori sustatzeko eta lortzeko zer egin beharko genukeen pentsatzen jarri nahi ditugu herritarrak. Beraiek proposatuko dituzte solasaldirako gaiak eta goiza osoan horien inguruan arituko gara, bukaeran ondorio batzuetara iritsi asmoz.

 

            Hori dela eta, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu jardunaldi hauetan parte hartzera. Sentsibilitate desberdinetako jendea bertan izatea aberasgarritzat eta beharrezkotzat jotzen dugu, jardunaldietako leloan dioen bezala, Bakearen eraikuntzan bidelagun garelako guztiok.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna