Albisteak
Azaroaren 8 eta 15an Sasoetako auzoan eginiko parte-hartze saioen kronika
2014-11-20 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak
“Sasoeta Sasoitu!” Parte-hartze egitasmoaren barruan mahaiak kalera atera eta auzoko plaza ezberdinetan gauzatu genituen tailerrak eguzkia eta giro bikaina lagun eraitsi beharreko etxabeetan zer egin erabakitzeko. Auzotarrengana gerturatu eta ahalik eta ekarpen gehien jasotzea zen honen helburua eta baita lortu ere. Haur, gazte zein helduek parte hartu dute 4.fase honetan eta proposamenak jasotzeko ez ezik, prozesu osoa azaldu eta osatzeko ere balio izan dute.
Mila esker azken bi saioetan parte hartu duzuen guztioi!!
Azaroak 8, larunbata
Beste behin ere Sasoetako auzotarrek zein bertara gerturatutako guztiek, auzoko espazio publikoaren inguruko ekarpenak zein proposamenak egiteko aukera izan zuten.
Lan saio hau Jaizkibel plazan burutu genuen eta aurreko saioetara gerturatutakoez gain jende ugarik parte hartu zuen; gazteak, haurrak, gurasoak, adinekoak, …
Aurreko saioaren emaitzak azaldu eta proposamenak lantzea izan zen saio honen helburua, baina prozesu hau ezagutzen ez zuen jendeak aurretik landutako guztiaren azalpenak jaso eta aurretik eginiko lana osatzeko aukera ere izan zuen. Saio berezia izan zen proposamenen lanketa hau. Tailerra kalean egiteak eta teknikariek burututako auzoaren maketa eraldatua bertan egoteak, espazioa hobeto bisualizatu eta proiektuaren tamainaz jabetzea erraztu zutelarik.
Dinamika mota ezberdinak proposatu genituen adin guztietako jendeak parte hartu zezan.
Lanean hasten lehenak 8-12 urte bitarteko GAZTETXOAK izan ziren eta Ttakun aisialdi taldeko begiraleen laguntza izan genuen horretarako. Jolasaren bila izenaren azpian 3 ariketa burutu zituzten gaztetxoek taldeka eta esan beharra dago zein baino zeinetan gogo eta interes handiagoa azaldu zutela.
1.go ariketa: auzoan faltan botatzen diren kirol instalazioak non kokatzeko aukera zegoen aztertu behar izan zuten plano eta metroaren laguntzarekin. Neurketak egin, marraztu, …
2. ariketa: Uzturre eta San Martzial plazak zein eraitsitako inguru guzti horretarako proposamenak egitea eta auzotarrekin kontrastatzea izan zen hurrengo lana Gaztetxoen beharrak ez ezik gainontzeko biztanle guztienak kontuan hartzeko lan paregabea egin zuten eta baita auzotarren ekarpenak beraien proposamenetan txertatzeko ahalegina egin ere.
3. ariketa: proposamenaren maketa egitea izan zen azken lana eta talde bakoitzak eraitsitako
gune bat aukeratu eta behin proposamen hori gauzatuta auzoko maketan txertatzeko aukera izan zuten, benetan bikainak lortutako emaitzak!
NAGUSIEK ere izan zuten saio honetan lanerako aukerarik. Lehendabizi aurreko azterketa osatu eta ekarpen berriak jaso genituen, aurreko lan saioetan parte hartu ez zuen jende ugari gerturatu bait zen.Hiri altzariak, mantenua, aterpea, komun publikoak, bizikleta eta haur kotxe aparkalekua edota nagusi zein gaztetxoentzako espazioak izan zirelarik besteak beste ekarpenen artean. Aurretik identifikatutakoak batzuk eta berriak beste hainbat.
Proposamenetarako ere izan zen tartea eta bertaratutakoek plaza berrien diseinuan erabiliko diren material, elementu edo diseinuen aukeraketa egin ahal izan zuten.
Azkenik, gaztetxoekin bezala, nahi izan zuenak planoan plazen diseinuak proposatu edota maketa egiteko aukera ere izan zute.
Saio paregabea izan zen azaroaren 8an guztion artean burutu genuena eta mila esker parte hartu zenuten guztioi zuen lanagatik.
Azaroak 15, larunbata
Azaroaren 8an bezala, Sasoetako auzotarrek zein bertara gerturatutako guztiek auzoko espazio publikoaren inguruko ekarpenak zein proposamenak egiteko aukera izan zuten. Aurreko saioaren osagarri lez antolatu zen lan saio hau; Prozesu guztiaren emaitzak azaldu, osatu eta proposamenak lantzea izan zen beraz saio honen helburua ere.
Lan saio hau Andatza plazan burutu genuen eta aurreko saioetara gerturatutakoez gain auzoko jende ugarik parte hartu zuen, batik bat Andatza inguruan bizi zirenak.
Jai giroko ukitu berezia izan zuen azken saio honek. Trikitixa eskolako gazteek beraien instrumentuei eraginez goiza alaitu ziguten eta mokadutxoa ere ez zen falta izan lanean fin aritu zirenak indarberritu eta gure esker ona adierazteko. Haizeak ezusteko bat edo beste eman bazigun ere, eguraldi bikaina eta giro paregabea beraz auzotarrak elkartu eta auzoaren inguruko hausnarketa egin zein proposamenak lantzeko.
Aurreko lan saioan bezala, tailerren emaitzak adierazten zituzten panelak eta maketa izan genituen euskarri, baina horrez gain Andatza plazan, behin lokalak eraitsita, espazio horrek izango duten tamaina erreala irudikatuta ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Hasiera batean imajinatzen zutena baino askoz handiagoa gehienen esanetan.
Aste bete lehenago burutu genituen dinamika berdinak errepikatu genituen azken saio honetan, informazioa kontrastatu eta konparazioak egin ahal izatea zelarik honen helburua.
Haur, gazte zein helduek burutzeko bezalako dinamikak izan ziren saio honetan proposatutakoak;
Auzoaren egungo erradiografia osatzea alde batetik.
Potentzialtasunak eta gabeziak irudikatzen zituzten pegatinen bitartez; Hiri altzariak, mantenua,
aterpea, komun publikoak, bizikleta eta haur kotxe aparkalekua edota nagusi zein gaztetxoentzako espazioen beharra non dagoen eta non proposatzen zituzten adierazi ahal izan zuten. Aurreko saioetan identifikatutakoak batzuk eta berriak beste hainbat.
Hainbat lan saiotan errepikatu diren gabeziak zein beharrak konfirmatu eta ekarpen berriak jasotzeko balio izan zuen ariketa honek.
Espazio berriak eta beraien inguruak nola antolatu proposatzen zituzten maketak egiteko tartea ere izan zuen bertara gerturatutako edozeinek. Gaztetxoak izan ziren gehienbat lan honetan indarrak jarri zituztenak, fin aritu zirelarik saio osoan zehar beraien ideiak zein auzotarren ekarpenak maketatxoetan lantzen. Lan bikaina benetan burututakoa.
Plaza berrien diseinuan erabiliko diren material, elementu edo diseinuak aukeratzea izan zen azken dinamika. Aurreko saioan ariketa honetan jasotako emaitzak ikusi ahal izan zituzten konparazio lez eta esan beharra dago ariketa osatzen zuten adibide berriak ekarri zituenik ere izan zela. Mila esker ekarpenagatik!!