Albisteak

Azaroa kultura-programazio indartsu batekin datorkigu

2016-10-26 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Musikaz, literaturaz, zinemaz eta antzerkiz beteko da Kulturetxea. Gainera, hil honetan, terrorezko zinemaren ziklo berria estreinatuko du. Emakumeenganako bortizkeriaren kontrako borroka eta emigrante eta errefuxiatuen aterpetzea ere hileko jardueraren ardatz izango dira.

Azaroaren 25aren jiran, Generozko Bortizkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, bi dira Kulturetxean egingo diren ekitaldiak: hilaren 22an, eta Él nunca me pegó dokumentala eman ondoren, hitzaldi-solasaldia izango da Irantzu Valera kazetariarekin. Eta 23an, “Beldur Barik” bideo-lehiaketako sarien banaketa egingo da. Azkenik, 29an, Iratxe Álvarezek, Bortizkeria Sexistaren kontrako Emakumeen Plataformako bozeramaileak, hitzaldia eskainiko du.

Hil honetako berritasuna da terrorezko zinema bueltatuko dela Lasarte-Oriako programaziora, terrorezko ziklo berriarekin, gauezko saio hirukoitz batean. Hilaren 19an, 22:00etatik aurrera, hiru film proiektatuko dira: Nunca apagues la luz, Ouija, el origen del mal eta No respires.

Usadiozkoa denez, azaroaren 26an Lasarte-Oriako literatura-lehiaketetako sarien banaketa egingo da, haurren kategorian nahiz helduenean.

Hilaren 4an, Danok Kideren musika-topaketen barruan, sokazko kuarteto baten emanaldiaz gozatu ahalko dugu Brigitarren komentuan. Eta hilaren 12an Lasarte-Oriako XIII. Akordeoi-Festibala izango dugu, akordeoi eta tronpetazko Susana Cencillo-Javi Pérez duetoaren, Clac’Tet & Cie klake ikuskizunaren eta Julien Gonzalesen, munduko soinu-jotzaile onenen bat, ekitaldiekin.

Caritasen eta Aterpetzeko Pastoralaren eskutik, hilaren 2tik 15era zabalik egongo da Mercero gunean Somos Migrantes erakusketa, eta haren barruan izango dira Migrazioen Sekretariatuko zuzendariaren Migrantes y refugiados, iconos que nos interpelan hitzaldia eta zineforuma, Las lágrimas de África dokumentalarekin.

Antzerkiak bi une izango ditu: hilaren 18an, Txalo Produkzioak konpainiak El tipo de la tumba de al lado obra ekarriko du, gaztelaniaz eta helduentzat. Hilaren 19an, eta oraingoan txikienentzat, Txipli Txaplak Tomaxen Abenturak obra eskainiko du.

Hilaren 16 Félix Garitanoren hitzaldia izango dugu, Creo en Dios… soy ateo. Aproximación a la realidad actual izenburuarekin. Hilaren 24an, Anselmo Lorenzo fundazioak bideo-forum bat egingo du Memoria Viva dokumentalaren ondoren, zeinak CNTri uztartutako fundazio horren 100 urte baino gehiagoak kontatzen baititu. Hilaren 28an, Baketik fundazioak Mujeres y procesos de paz: Euskadi y Guatemala dokumentalari buruzko bideo-foruma zuzenduko du.

Azkenik, azaroa zinema-programazio intentsu batekin helduko zaigu. Haurrentzako zinema-zikloaren barruan, film hauek emango dira: hilaren 6an Mascotas, 13an El hogar de Miss Peregrine para niños peculiares, 20an Zikoinak euskaraz, eta 26an eta 27an Un monstruo viene a verme.

Helduentzako zineman honako film hauek emango dira ikustera: hilaren 6an Inferno, 13an El hogar de Miss Peregrine para niños peculiares, 20an El hombre perfecto, eta 26an eta 27an Un monstruo viene a verme. Okendo zineforumak hilaren 11n Elle filma proiektatuko du JBAn, eta 25ean Neruda.

Liburuxka ikusi

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna