Albisteak

Aurkeztu dira Oriako eta Basaundiko 2016ko jaiak

2016-07-13 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

2016rako aurreikusitako egitaraua zabaldu egin da hainbat nobedaderekin. Alkateak eta jaietako zinegotziak, batzorde antolatzaileko kideekin batera, uztailaren 16, 30 eta 31ko egitaraua aurkeztu dute.

Jesus Zaballos alkateak, jaien antolatzaileei eskerrak eman dizkie egindako ahalegin bikainagatik. Auzo kutuna dugu Oria, eta jai garrantzitsuez gozatzea merezi du. Zaballosek adierazi zuen gobernu-taldeak asmo garbia duela auzoetako jarduerak bultzatzeko, gure bazter guztiei bizia emateko. Hortik jaio da lankidetza hau, eta aurrerantzean ere iraun dezan nahi luke, eta eskerrak eman dizkie Oriako BEri eta bere jai-batzordeari.

Jaietako zinegotziak adierazi zuen jai hauetarako aurten bideratutako aurrekontua 2.892 euro jai bakoitzeko izan dela, eta eskerrak eman ditu aurten egindako ahaleginagatik.

Antolakuntza-batzordeko José Rodriguezek eta Manuel Urdanpilletak eskerrak eman dizkiote Udalari, izan ere, laguntza handitu izanak jaiak sendotzeko eta hilaren 30a indartzeko aukera eman du. Honakoa izango da aurtengo egitaraua.

Oriako jaia uztailaren 16an ospatuko da, Karmengo egunarekin. Goizeko 10:00etan hasiko da, trikitixa eta buruhandiak izango direlarik Oriako plazetan eta kaleetan zehar. 11:00etan, haur tailerren txanda izango da, kaperaren ondoan, berritasun batekin: gurasoak izango dira monitore. 12:00etan, Meza Nagusia emango da Karmengo Kaperan, Pilar Catalinak parte hartuko duelarik, Amaia Dorronsoro organoan lagun duela. Meza bukatutakoan, luntxa izango da Plazido Mujika plazan. Jardin de Brunet-Enea jatetxean izango den herri bazkariarekin emango zaio bukaera goizari, eta bertan, omenaldia egingo zaio D. Ramoni.

Arratsaldean, Brunet Parkean, 17:00etan, gaztelu puzgarriak eta puxika eta ur-pistola gerra izango da txikienentzat, arrakasta handia izan baitzuen jarduera honek iaz. 17:30ean, merienda izango dute haurrek. 18:30ean, Sorgin Dantza hasiko da Karmengo Kaperan, eta Brunet-Enearaino joango dira. 20:00etan, musika emanaldia izango da Kultur Kale Zikloaren eskutik. Oraingo honetan, Psicoacustic lasarte-oriatarrek omenaldi berezia egingo diote The Beatlesi. 22:00etan, dantzaldiaren txanda izango da, Ibaiberriak taldearen eskutik. Jai eguna DJren musikarekin amaituko da, 1:00etan hasita.

Basaundiko jaiak uztailaren 30ean hasiko dira, 16:30ean, nobedade gisa Mus Txapelketa izango delarik. 17:00etan, apar festa tenis parkean, txikientzat. 18:00etan, futbol partida, ezkongabeak ezkonduen aurka. 19:30ean, patata-tortilla txapelketa, beste nobedade bat hau ere. 20:00etan, DJ emanaldia auzoko plazan. 22:00etan, dantzaldia Ibaiberriak taldearen eskutik. Jai eguna DJren musikarekin amaituko da, 1:00etan hasita.

Hilaren 31n, San Ignazio egunez, 9:00etan emango zaio hasiera, Basaundi Bailara plazatik aterako den ibilaldi neurtu batekin. 10:00etan, galeper tiraketa. 11:00etn, haur jolasak eta buruhandiak, plazan. 11:30ean, Meza Karmengo Kaperan. 12:30ean, poto eta toka txapelketen txanda izango da. Goiza bukatzeko, bazkaria izango da Oriako pilotalekuan. Arratsaldean, 17:00etan, gaztelu puzgarriak izango dira plazan, eta 17:30ean, haurrentzako merienda. Dinbi Danba herri batukadak emango dio bukaera egunari.

San  Ignazio jaietan zehar, uztailaren 9an egin zen Argazki Rallyko argazkiak erakutsiko dira auzoko hainbat lekutan.

Rodriguezek eskerrak eman dizkio bereziki Buruntzazpi Elkarteari, hainbat ekitaldi antolatzen lagundu izangatik. Zera gogorazi zuen, ezin dugula ahaztu hainbat urtetan zehar haiek eutsi zietela bizirik Basaundiko jaiei. Bukatzeko, Lasarte-Oriako elkarte eta entitateei dei egin zien, San Pedroko jaietan laguntzan duten moduan lagundu dezaten Oriakoetan ere.

Argitarauaren portada

Karmengo Amaren argitaraua

San Inaxio jaien argitaraua

Argitaraua osorik

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna