Albisteak
Atsobakar zahar-etxea eskualdatzeko hitzarmena sinatu da
2017-12-28 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zerbitzu Sozialetako diputatu Maite Peñak sinatu duten hitzarmenaren bidez, Atsobakar zahar-etxea Kabiak kudeatuko du aurrerantzean.
Behin Gipuzkoako Batzar Nagusiek dokumentuari oniritzia emanda, bi alderdien arteko hitzarmena sinatzeari ekin zaio. Hitzarmen horren bitartez, aurrerantzean Atsobakar zahar-etxea zuzenean kudeatuko du Kabiak, Foru Aldundiaren organoak. Horrela betetzen da udalaren eskari bat, aspaldiko urteetan berari ez zegokion zerbitzu bat kudeatzen ari baitzen.
Sinaketa urte-bukaeran egin bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du zerbitzu horren kostu osoa 2017ko uztailaren 1etik aurrera, lehenagotik hitzartu zen moduan.
Jesus Zaballos alkatea pozik agertu zen azkenean zahar-etxearen eskualdaketa egin delako, zeren horrek baliabide ekonomikoak eta pertsonalak liberatuko baititu udalari berez dagozkion eskumenetara destinatu ahal izateko.
Horrez gain, Zaballosen esanetan, lehenago sinatutako hitzarmenari esker, zahar-etxearen plaza-kopurua gehitu egingo da etorkizunean, egoitza handitzeko obrak egingo baitira. Zalantzarik gabe, albiste ona Lasarte-Oriako etorkizuneko erabiltzaileentzat.