Albisteak

Aterpeak ongietorria egin die bere bazkide berriei

2018-01-31 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Aterpea ostalari eta merkatarien elkarteak ongietorria egin zien bere bazkide berriei Villa Mirentxun egindako ekitaldi xume batean. Ekitaldiko buru aritu ziren Ramon Ormazabal elkarteko lehendakaria eta Jesus Zaballos alkatea.

Laranjondoen patioan, Aterpeak ongietorria egin zien bere bazkide berriei Aterpearen II. Topaketan. Ekitaldira bazkide asko bildu ziren, bai eta Udalbatzako talde guztietako ordezkariak ere. Gaur egungo zuzendaritzako kideak ere hantxe ziren, bai eta Aterpeak izandako lehen zuzendaritzakoak ere.

Ramon Ormazabalek ireki zuen ekitaldia, Aterpea errealitatea izatea posible egin duten pertsona guztiei eskerrak emanez, bereziki Lasarte-Oriako merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei. Ormazabalek nabarmendu zuen Aterpea hiru helbururekin jaio zela: administrazio publikoen aurrean sektorea defendatzea, herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorea dinamizatzea, eta erosketek Lasarte-Oriatik kanpo ihes egiteari galga jartzea. Gogorarazi zuen merkataritzarik eta ostalaritzarik gabeko herri bat herri hila dela, bizitzarik gabea; hortik, beraz, egindako lanaren garrantzia.

Aurtengo jarduera intentsuaren errepasoa egin ondoren, Aterpeak biltzen dituen sektore guztiak promozionatzeko ekimenak egin baitira, eta estetikari eta ile-apainketari buruzko jardunaldi berriak nabarmenduta, gogorarazi zuen Aterpeak aurten 25. urteurrena betetzen duela. Bereziki esker oneko agertu zen orain merkatari edo ostalari ez izan arren Aterpearen hastapenetan egon ziren bazkide ohiekin, ospakizun honen kariaz kolaboratu nahi izan baitute.

Iragarri zuen maiatzaren 14tik 19ra jai-giroko jardunaldiak egingo direla 25. urteurrena ospatzeko, 25 urte herrigintzan zurekin – 25 años haciendo pueblo contigo goiburupean. Argazki-erakusketa batek, parrillada batek, Txu-txu trenak eta musika-emanaldiek markatuko dituzte egun horiek, eta Maialen Chourraut kiroldegian egingo den afari eta dantzaldi batekin amaituko dira.

Bereziki eskertu zuen Lasarte-Oriako esparru guztietako kirol-elkarteen elkarlana, ekitaldietan parte hartzeko prest agertu baitira.

Amaitzeko, Jesus Zaballos alkateak eskerrak eman zizkion Aterpeari herrian egiten duen dinamizazio-lanagatik, eta ohoretzat jo zuen horrelako elkarte bat eduki ahal izatea. Aterpearen eta Udalaren artean dagoen sintonia ona nabarmendu zuen, horrek aukera ematen baitu Aterpeak diseinatutako proiektu askori ekiteko edo Udaletik landutako programak garatzeko, hala nola Biziberritzen programa. Bereziki harro agertu zen aitortu zuenean lankidetza hori eta horren programak eredugarri direla beste herrientzat, horiei buruzko informazioa eskatzen baitute beren herrietan ere aurrera eraman ahal izateko.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna