Albisteak
ATERPEA merkatarien elkartearekin lankidetzan lorturiko gabonetako argiak
2013-12-09 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak
Iaz, gure herritar askok egindako eskaera izan zen Eguberrietako argiak ipini zirenak baino gehiago izatea. Aurten, ATERPEA merkatari-elkarteak Udalarekin duen lankidetzari esker, posible izan da herriko gune komertzialenetan Eguberrietako argiteria instalatzea, kale nagusia, Geltoki kalea, Hipodromo etorbidea, Donostia etorbidea eta abar bezalakoetan.
Dekorazio berri hau Aterpea eta Udalaren arteko elkarlanari esker posible izan da eta elkarte honekin dagoen hitzarmen markoan kokatzen da. Modu horretan, Eusko jaurlaritzatik datorren “Merkagune” proiektuko diru-laguntza bat jasotzeko aukera izan da.
Udalak, iaz egin zuen bezala, 6.000 euro gehi elektrizitate gastuen ekarpena egin du. Askori urriegia irudituko zaio kopuru hori, baina, bizi dugun garaia aintzat hartuta, kontsideratu zen kopuru hori zela egun horietako jai-argietarako gehienez eman zitekeena. Bestetik, “Merkagune” proiektutik 8000 euro gehiago jasoko dira eta azkenik Udaleko sozio-ekonomia arlotik 2000 euro gehiagoko ekarpena ere egingo da.
Gaur gauetik aurrera martxan egongo den argiteria leku hauetan instalatu da:
- Kale Nagusian, 5 arku jarri dira eta 22 zuhaitz argiztatuko dira.
- Geltoki Kalean, 8 arku ipini dira.
- Hipodromo Etorbidean, 10 farolak izango dira argiztapena hartuko dutenak.
- Eta Uistin Kalean eta Donostia Etorbidean, zuhaitzetan ipinitako argiek jai-giroa eta gabon-giroa ematen lagunduko dute.
Aipatutako kaleez gain, aurreko urteetan bezala, zenbait irudi argidun ipiniko dira Brigidatarren komentuaren aurrean kokatu ohi den jaiotzaren ondoan.
Bestalde, aurten udaletxearen fatxadak “Zorionak” argidun bat bakarrik izango du, eta antzeko beste batek egingo du argi zahar-etxean.
Gaur gauean piztuko den argiteria datorren urtarrilaren 6ra arte egongo da martxan.
Bukatzeko, Ana Prieto zerbitzuetako arduradunak azaldu nahiko luke, datozen urteei begira, oso interesgarritzat jotzen duela herritarrak Eguberrietako dekorazioan inplikatzea, eta gogoan darabilen ideia bat izan liteke, gure inguruko beste herri batzuetan bezala, guk ere geure kaleak material birziklatua erabiliz sortutako apaingarriekin dekoratzea. Iruditzen zaio horrela herriko askoz gune gehiagotara zabaldutako dekorazio bat lor daitekeela. Eta garrantzizkoago dena: Guk geuk egindakoa.