Albisteak
Astelehenean San Pedro jaietako kartel lehiaketan parte-hartzeko epea zabalduko da
2015-04-10 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kultura eta Jaiak
Hurrengo San Pedro jaiak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketa astelehenetik aurrera abiatuko da eta proposamenak aurkezteko epea hurrengo maiatzaren 4an amaituko da. Urtero bezala 50x70 formatuan era digitalean entregatu beharko da eta “San Pedro jaiak 2015 Lasarte-Oria” goiburua izan beharko dute. Irabazleak 600 euro eskuratuko ditu eta bere kartela San Pedro jaiak iragartzeko eta sustatzeko erabiliko da.
2015ko San Pedro Jaietako kartelen lehiaketarako oinarriak
1. Kartel bakarra hautatuko da Lasarte-Oriako San Pedro jaiak iragartzeko.
2. Nahi duen edonork parte hartu ahalko du. Pertsona bakoitzak egoki deritzon adina proposamen aurkeztu ahalko ditu. Proposamenak jatorrizkoak izango dira, eta beste ezein lehiaketatan saritu gabeak.
3. Baldin eta kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza intelektuala egilearen esku ez badago, kartela ezingo da aurkeztu.
4. Kartel guztiek goiburu hau eraman behar dute inprimatua: “San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2015”.
5. Kartela lantzeko teknika erabat librea da.
6. Kartelak formatu digitalean nahiz formatu fisikoan aurkeztu ahalko dira, eta izenburu batekin identifikatu beharko dira. Kartelak ez dira egilearen izenarekin identifikatuak egongo.
a. Kartela formatu digitalean aurkezten bada, ezaugarri hauek bete beharko ditu: JPG formatua, 50x70 cm-ko tamaina eta 300 pixel hazbeteko. Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da. Lanak posta elektronikoz bidaliko dira, helbide honetara: sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu Mezuan atxikita testuzko dokumentu bat bidaliko da, egilearen datu pertsonalak eta kontaktukoak dauzkana.
b. Kartela formatu fisikoan aurkezten bada, kartelak 50x70 cm-ko tamaina izan beharko du. Lanak Gazteen Informaziorako Bulegoan aurkeztuko dira (Gaztelekuan), asteartetik ostiralera, 12.00etatik 21:30etara eta larunbatetan 10.00etatik 14.00etara eta 16.30etatik 20.00etara. Kartelaren izenburuak haren atzealdean egon beharko du idatzia. Kartelari gutun-azal itxi bat atxikiko zaio, egilearen datu pertsonalak eta kontaktukoak dauzkana.
7. Proposamenak aurkezteko epea 2014ko apirilaren 13an hasiko da eta urte bereko maiatzaren 4ean amaituko da.
8. Lehiaketara aurkeztutako kartel guztiak www.lasarteoriasarean.eu webgunean ikusgai jarriko dira, sinadurarik gabe eta izenburuaren bidez identifikatuak. Webgunean erakusteko, egileek espresuki baimena ematen dute lehiaketara honetara aurkeztearekin.
9. Herritarrek ikusgai jarriko diren kartelei buruz duten iritzia adierazi ahalko dute, eta iritzi hori aintzat hartuko da kartel irabazlea hautatzerakoan.
10. Kartel irabazlea Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak Batzordeak aukeratuko du, eta haren erabakia apelaezina izango da.
11. Irabazleak sari bakarra jasoko du, 600 eurokoa. Sari honi indarrean dagoen legediaren araberako PFEZa aplikatuko zaio.
12. Kartel irabazlearen egileak Lasarte- Oriako Udalari kartel hori egoki deritzen modu eta medio guztien bidez eta nahi adina aldiz erreproduzitzeko eskubidea emango dio. Modu berean, Lasarte-Oriako udalak ere bere gain hartzen du egileari kartelean aldaketak egiteko eskatzeko eskubidea (dagozkion logoak gehitu, festetan joko duten taldeen izenak gehitu, etab.), betiere lanaren esentzia errespetatuaz.
13. Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.