Albisteak
Arrosa zuriak Memoriaren Egunean
2016-11-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Ekitaldiak udalbatzako kideetako batzuen presentzia izan du, eta 5 minutuko isilaldiaren ondoren udaletxe zaharreko arkupetan dagoen plakan arrosa zuriak jarrita amaitu da.
Ekitaldiari hasiera emateko, Jesus Zaballos alkateak testu bat irakurri du, dei egiten duena terrorismoaren biktima guztiak gogoratzera eta eragindako kaltea eta biktimen duintasuna aitortzera, bake memoriadun bat errebindikatuz:
Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskakizun dute bortizkeriaren bidegabetasuna aitortzea, eragindako kaltea eta biktimen duintasuna aitortzea, guztiak baitira egiarako, justiziarako, memoriarako eta erreparaziorako eskubidearen merezidun.
Garai berri honen mehatxu handietako bat da bortizkeriazko gertaera traumatiko horiek denak ahaztea, sufrikario pertsonal eta kolektibo sakona eragin baitute eta eragiten jarraitzen baitute, baita Lasarte-Orian ere. Horregatik, gaur bezalako egun batean, azaroak 10, Memoriaren Eguna, udal honetako korporaziokideen artean hurrengo puntu hauek gogorarazi nahi ditugu:
Biktima guztiek dutela oroitzapenerako eskubidea eta horrek inklusiboa izan behar duela.
Giza Eskubideak urratzeko modu guztiak arbuiatzetik abiatuta, memoriak aitormena, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar duela terrorismoaren eta motibazio politikoko bortizkeriaren edozein erabileraren biktima guztien kasuan.
Eta horregatik guztiagatik agertzen dugula geure konpromisoa eta borondatea ahalik eta kontsentsurik handienetik memoriaren politika bat sustatzeko, beren duintasunaren urraketa bidegabeki nozitu zuten eta oraindik nozitzen duten pertsona guztiekin enpatiaz eta elkartasunez aritzea eskainiko duena.