Albisteak
“Antzerki-foruma: Eta hik zer?” bizikidetza lantzeko egitasmoa dakarte Donostia 2016k eta Baketik-ek
2015-03-09 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin, datorren asteazkenean, martxoaren 11n, 18:00etan izango da lehen saioa Udal Euskaltegiko aretoan eta izena eman daiteke dagoeneko
Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Baketik Fundazioak “Antzerki-foruma: Eta hik zer?” proiektu ibiltaria dakarte Lasarte-Oriara, udala azken hilabeteotan bizikidetzaren alde garatzen ari den proposamen sortara ale berri bat gehituz. Egungo testuinguru sozial eta politikoan bizikidetza eta adiskidetza sustatu asmoz sortutako egitasmoa da honakoa, Antzerki-forum metodologiaren bitartez hiru galderen inguruan hausnartzeko aukera ematen duena: zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?
Bi saio eskainiko dira. Lehena, euskarazkoa, datorren asteazkenean, martxoaren 11n izango da, Udal Euskaltegiko aretoan 18:00etatik aurrera. Gaztelaniazkoa, berriz, apirilaren 15ean izango da, ordu eta leku berean. Lantegia egiteko gutxieneko talde bat osatu behar denez, joan asmo duenak izena eman dezaten dei egin dute antolatzaileek. Horretarako 688 681 466 telefonora deitu beharko da edo antzerkiforuma@dss2016 emailera idatzi.
Antzerkia hezkuntza metodo eta gizarte errealitatea ezagutzeko eta eraldatzeko tresna bezala hartuta, eta Antzerki-forumaren metodologiari jarraituz, bi zatitan banatzen da saioa: lehen zatian, edonork egunerokoan izan ditzakeen gatazken inguruko sei istorio labur antzeztuko dituzte bi aktorek. Ondoren etorriko da forumari dagokion tartea, elkarrizketarako tartea, alegia. Bigarren zati honetan, istorioek amaiera positiboago bat izateko egin beharko liratekeen aldaketa txikien inguruan galdetuko zaie ikusleei. Bat-bateko iradokizunak izango dira eta nahi duenak, praktikan jarri ahal izango ditu aldaketa horiek, taula gainean aktoreen eta gidoigile eta zuzendari bihurtuko diren gainerako ikusleen laguntzaz, iradokizun horiek istorioetan txertatu eta antzeztuz. Metodo hau izan daiteke, beraz, bizitza errealean egin nahi ditugun aldaketetarako entsegu bat, jarrera pasibo batetik jarrera aktibo batera igarotzeko zubia. Bi orduko esperientzia pertsonal bat da, gure iragan hurbilera so egin eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna.
2015 eta 2016 artean ehun Antzerki-forum saio egingo dira eta horietan parte-hartzaileek etorkizunerako dituzten desira eta konpromisoak bilduko dira. 2016an desira eta konpromiso horiek jendaurrean jarriko dira, etorkizunaren bidean gizartearentzat lagungarri eta inspirazio iturri izan daitezen.
Donostia 2016 eta Baketik, eskutik
2016ko Europako Kultur Hiriburutza aukera paregabea da, kultura eta elkarrizketaren bitartez, elkar ulertzea oinarri izango duen elkarbizitza hobeago bat eraikitzeko. Gainera, Europako gainerako herrialdeekin harremanak indartu eta kulturaren sektorean berrikuntza sustatzeko bidea izango da. Donostia / San Sebastian 2016k itsasargien argi izpi bidez irudikatzen ditu igorri nahi dituen baloreak, eta zehazki hiru itsasargitan sailkatzen dira ekintza guztiak: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsen Itsasargia. Programa honek erreferentziazko ondare bat sortu nahi du gizarte adeitsuago, justuago eta eskuzabalago bat lortzen laguntzeko; bere gatazkei kulturaren eta artearen bitartez irtenbideak ematen jakingo duen gizarte parte-hartzaileago bat sortzeko. Donostiak sormen prozesuen eta kulturaren erreferente bilakatu nahi du.
“Antzerki Forum: Eta hik zer?” ekimena Bakearen Itsasargian kokatzen da. Itsasargi honek kultura eta hezkuntzaren baloreak sustatu nahi ditu, horiek baitira, bakerako kultura bat bultzatu asmoz, gatazkak konpontzeko eta aginte modu berriak sortzeko gakoak.
Proiektu honetan indarrak batzen dituzte Donostia / San Sebastian 2016k eta Baketik-ek, pertsona, hezkuntza, elkarbizitza, erakunde eta gizarte mailako eraldatze-prozesuak bultzatzen dituen fundazioak. Baketik 2007tik ari da Antzerki-forum metodologia erabiliz proiektuak garatzen eta gai desberdinak lantzen: hala nola, arrazismoa eta eskola jazarpenaren prebentzioa, eskolan biktimekiko elkartasun lantzeko proiektua eta bide segurtasuna.