Albisteak
Aldaz enpresarekin hitzarmenaren sinadura
2015-07-16 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Alkatea pozik agertu zen, programa honek, esparru instituzionaletik harago, euskararen erabilera sustatzeko duen balioagatik, eta inplementatzeko orduan, Lasarte-Oriako enpresei tresnak eta errekurtsoak eskaintzen dizkielako, euskaraz hitz egin nahi dutenek eremu gehiago izan dezaten ahalbidetuz.
Baietz gurean! egitasmoa
Izen hori du Buruntzaldeko udalerrietan dauden hamar langile baino gehiagoko enpresetako jarduerak euskalduntzeko laguntzak ematea helburu duen programak.
Enpresa batek Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duenean, Udalak enpresari neurketa egingo dio eta 100 puntuko tarte batean kokatuko du. Puntu-tartea adierazteaz gain, enpresari proposatzen dio zein neurri har ditzakeen hurrengo puntu-tartera pasatzeko.
Jauzi hori Udalak 1. neurketatik urtebeteko epean egingo duen 2. neurketa baten bidez zehaztuko da eta horren arabera emango dio, gainditutako tarteen arabera diru-laguntza: 0-100 puntu-tartetik 401-500 puntura arteko tarte bakoitzarengatik 700€; 401-500 puntu-tartetik 701-800 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, 500€; eta 701-800 puntu-tartetik 901-1.000 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, berriz, 300€. Sistema hau, Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen Bikain ziurtagirien sistemara egokituta dago.
Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko diru-laguntzak
Euskara Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik gehitu zuen abian direla baita ere herrian egoitza soziala duten elkarte eta enpresak haien edozein jarduera euskalduntzeko diru-laguntzen deialdia.
Laguntza-gaiak hauek izango dira: errotuluak (nagusia eta bestelakoak), kostuaren %50 (300 € gehienez); irudi korporatiboa, kostuaren %50 (200 € gehienez); web-orriak, kostuaren %50 (gehienez 450 €); enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak, kostuaren %50 (gehienez 200 €) eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa, kostuaren %50 (gehienez 300 €).
Diru-laguntza deialdi hori 3.500,00€kin hornituta dago.
Aurreko urteko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira eta eskaerak ere epe horretan zehar egin ahal izango dira, beranduenez urriaren 31n.
Eskaera-orriak Udalaren web-orrian zintzilikatuta daude edo euskara zerbitzura hurbilduta jaso ahal izango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero 943376184 telefonora dei daiteke.