Albisteak
Abenduko agenda kulturala
2015-11-30 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
Eguberrietako jaiegunetako ospakizunak nagusi abenduko kultura-jardueran. Nabarmentzekoa Brigitarren komentuko organoaren mendeurreneko kontzertua.
Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotzia eta udaleko teknikariak lagun dituela, abendurako kultura-programazioa aurkeztu du. Jardueren artean nabarmenenak Eguberrien inguruko ekitaldiak eta Brigitarren komentuko organoaren 1. urteurrenaren kariaz Danok Kidek antolatutako kontzertua dira.
Danok Kidek antolatzen duen musika-zikloaren barruan, hilaren 4an kontzertu bat eskainiko digute Ana Belén García organistaren eta Haizea Muñoz sopranoaren eskutik, Brigitarren kaperako organoak 100 urte betetzen dituela ospatzeko.
Eguberrietako programazioaren barruan, hilaren 16an, Kulturetxean, Musika-Eskolak Eguberrietako bere kontzertu tradizionala eskainiko du. Eta hilaren 19an, Brigitarren komentuan, Alboka koruak eguberri-kanten errepertorio bat kantatuko du.
Hilaren 20tik 31ra, Eguberrietako Haur-Parkea izango da, aurten berritasun batekin: karpa bat jarriko da Bitarteko pistan, jarduera hori Oria ingurura hurbiltzeko. Antolatutako jardueren artean, haurrentzako antzerkia nabarmenduko dugu, antzezlan hauekin: “Amona Josepa” hilaren 22an eta “Pirata Garrapata” hilaren 30ean.
Hilaren 21ean, San Tomas Eguna ospatuko dugu Okendo Plazan, 17:00etatik 20:00etara, Ttakunen eskutik. Hilaren 23an, “Soulshine Voices Gospel” taldeak bere gospel-kontzertua eskainiko du Kulturetxean. Eta hilaren 24an, bestela izan ez zitekeen moduan, Olentzero Eguna ospatuko dugu Okendo Plazan, 17:30etik 20:00etara.
Nabarmentzeko moduko beste gertakari bat Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz Kulturetxean eskainiko diguten hitzaldia da. Hizlariak kirolaren munduko pertsona ezagunak izango dira: Xabier Usabiaga (EITBko aurkezlea), Gaizka Garitano (Real Sociedad), Iñaki Artola (pilotaria) eta Iratxe Aranburu (atleta).
Abenduaren 3tik 18ra, Antonio Mercero espazioan, Jalgunek “Elkar sentitu eta emozioak handitu” erakusketa eskainiko du, Draveten Sindromearen Fundazioarekin elkarlanean.
Hilaren 11n, antzerki amateurreko Kukuka taldeak Kulturetxera ekarriko du Lauka Teatroa taldearen “Amodioaren Ziega” antzezlana.
Beste ebentu berezi bat hilaren 19an izango da, egun horretan Zero Setteren eta Julián Sagardiaren kontzertu-bideoaz gozatzeko aukera izango baitugu Kulturetxean.
Hil honetan, haurrentzako zinemak film hauek ekarriko ditu: 13an “Marko Makako”, 27an “Pixels” eta urtarrrilaren 3an “Hotel Transilvania 2-3D”. Helduentzako zinemak, 12an eta 13an “Spectre” eskainiko du, 27an, 28an eta 29an “8 apellidos catalanes”, eta urtarrilaren 3an “Sicario”. Okendo zine-forumak hilaren 4an “Un día perfecto” proposatzen du, eta 18an “Calvary”. Eta Bertsio Digitalean, hilaren 26an, Verdiren “Otello” operaz gozatu ahalko dugu.
Ipuin-kontariek liburutegian jarraituko dute. Hilaren 10ean eta 15ean, berriz ere Beatriz Egizabal eta Pello Añorga ariko dira gaztetxoenen gozamenerako.