Albisteak
Abenduak 10ean Giza Eskubideen inguruko ekitaldia egingo da auditorioan
2014-12-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
Lasarteoriatarrok mota ezberdinetako gatazka eta giza eskubideen urraketak ezagutu ditugu lehenengo pertsonan, adinekoek duela urte dezentekoak eta gazteagoek hurbilagoak. Hori dela eta, datorren abenduaren 10ean, 19:00etan, Lasarte-Oriako “Manuel Lekuona” Kultur Etxean ekitaldi bat antolatu dugu. Hain zuzen, Ekitaldi honetan, zehazki orain arteko gatazka hauen ondorioak identifikatzeko egiten ari garen lana kaleratu eta lantzen ari garen ikerketa bideak erakutsi nahi ditugu.
Lan honi hasiera duela hiru urte eman genion eta dagoeneko aurrerapen asko egin dira. Hemen duzue guztiaren aurrerapen txiki bat:
Helburua nagusia:
“Lasarte-Oriako udalaren helburua 1936 urtetik gaur egun arte giza eskubideen urraketak jasandako lasarteoriatar guztiak identifikatzea da.”
Bide horretan zenbait urrats eman dira eta ematen ari dira:
Giza eskubideen urraketa jasandako pertsonen identifikazioa:
Lasarte-Oriako udalaren helburua 1936 urtetik gaur egun arte giza eskubideen urraketak jasandako lasarteoriatar guztiak identifikatzea da eta bide horretan zenbait urrats eman ditu eta ematen ari da udala:
1936ko gerra eta gerra ondorena
Herriko Islada Ezkutatuak 1936ko gerra garai eta gerra ondorengo urteetan giza eskubideen urraketa jasandako pertsonen identifikazioa dute helburu besteak beste eta horretan daude lanean, jada datu asko lortu direlarik.
1960-2014
Lasarte-Oriako udalak eskatuta, 1960-2014 epealdian indarkeria politikoak utzitako ondorioen bilduma egin du Euskal Memoria fundazioak.
Bilduma honek aztergai izan duen indarkeria jatorri anitzekoa da, lan honek agerian uzten duen bezala. Izan ere, jatorri eta mota desberdineko indarkeria jasan duten lasartearrak ugariak dira: Euskadi ta Askatasunak (ETA) hildakoak, estatuak hildakoak, dispertsio politikak hildakoak, segurtasun indar armatuek zaurituak nahiz torturatuak, Komando Autonomo Antikapitalistek (KAA)erasotakoak, etab.
ABENDUAK 10eko EKITALDIA – GIZA ESKUBIDEEN EGUNA
Udalak identifikazio lan honetan emandako urratsak ekitaldi publiko batean agertu nahi ditugu herritarren aurrean eta bereziki giza eskubideen urraketa jasan duzuen guztion aurrean. Honetarako abenduaren 10eko ekitaldia antolatu dugu. Ekitaldi honetan identifikazio lan honetan udalak egindakoaren berri emateaz gain, musika, dantza eta antzerki ikuskizunak partekatuko dira.
Horretarako, Islada Ezkutatuak eta Euskal Memoria taldeek osaturiko giza eskubideen urraketa hauek jasan dituzten pertsona identifikatuen zerrenda kontuan izan dugu, eta Udalak guztiak eskutitz bidez gonbidatzeko bere esku zegoen guztia egin du.
Azkenik, identifikazio lan hauekin duela hiru urte hasi ginen arren oraindik egiteko asko dagoela esan beharra dugu eta beraz, etorkizunean, orain artean egin bezala, ahal dugun informazio guztia biltzen jarraituko dugu.