Albisteak

2016ko Ordenantza Fiskalak onartuak

2015-11-09 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udaleko gobernuak aurrera atera ditu 2016rako ordenantza fiskalak, % 1,30eko igoerarekin eta kontrako botorik gabe.

 

Gaurko ohiz kanpoko udalbatzarrean aldeko bederatzi botorekin (PSE-EE eta EAJ-PNV) eta 6 abstentziorekin (EH Bildu, ADLOP eta PP) onetsi diren ordenantzek % 1,30eko igoera orokorra ezartzen dute udaleko zerga eta tasetan. PSE-EEren 3 emendakin eta EAJ-PNVren beste bat onetsi dira; EH Bilduren 4ek, berriz, ezezkoa jaso dute.

 

Ondorengo prentsaurrekoan, Jesus Zaballos alkateak xeheki eman du haien berri. Jakitera eman duenez, % 1,30eko igoera Aurrezki-Kutxen Fundazioak 2016. urterako aurreikusi duen KPIaren igoeran oinarritzen da. Alkatea pozik agertu zen emaitzarekin: “talde guztiekin oso adostutako ordenantzak dira, hala adierazten baitu aurkeztutako proposamenak kontrako botorik jaso ez izanak”.

 

Prentsaurreko berean, Zaballosek nabarmendu du, igoera hori gorabehera, lasarteoriatarrek pagatzen dituzten zergek gure inguruko edo tamainako udal gehienetakoen azpitik jarraitzen dutela: Hernani, Tolosa, Zarautz, Errenteria, Irun, Arrasate edo Bergara.

 

Aurten izoztu diren zerga eta tasen artean leudeke: eraikuntzaren eta obren zerga, kirol-zerbitzuak, azoka eta zinema eta antzerkia, haurrentzakoa nahiz helduentzakoa.

 

Ondasun immobiliarioen zerga, berriz, % 0,29 bakarrik igoko da, Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikatuko duen % 1eko igoera arintzeko.

 

Ibilgailuen zerga % 1,30 igoko da batez beste auto eta motoetan, zilindradaren arabera, zilindrada handikoak gehiago eta 12 zaldi fiskaletik beherakoak gutxiago igoko delarik. Autobus eta kamioiena, berriz, % 0'70 igoko da batez beste.

 

Uraren kasuan, m³ ura gutxienez euro-zentimo bat igoko da, hau da, % 2; estolderia, berriz, % 1,30 igoko da.

 

Zaborren tasaren kasuan ere igoera % 1,32koa da. Horrek esan nahi du etxeko zaborrak jasotzearen tasa 84,40 € izango dela. Inguruko beste udalerrietakoarekin alderatuta, merkeena izaten jarraitzen du (Hernanin 87,60 €, Tolosan 92,20 € eta Zarautzen 116,15 €).

 

Udalaren ikastaroen kostua kalkulatzeko modua aldatu egin da, haien benetako kostura egokitzeko, halako eran non ikastaro garestiagoan parte hartzen duenak kostu gutxiagoko batera doanak baino gehiago pagatuko duen.

 

Hemendik aurrera, ikastaroaren benetako kostua baliagarri dauden plazen artean banatuko da, eta horixe izango da haren prezioa. Udalerrian erroldatutakoek % 40ko hobarian izango dute azken prezioaren gainean. Gazte erroldatuek % 85eko hobaria izango dute, eta Berdintasunerako Planari lotutako ikastaroetan parte hartzen duten emakume erroldatuek % 55eko hobaria izango dute guztira

 

Etxean Laguntzeko Zerbitzua % 12 jaitsiko da jai-orduetarako; egunezko orduetarako, berriz, % 1,30 gehituko da.

 

Aurtengo proposamena prestatzeko, aldez aurretik azterlan bat egin dute teknikariek eta politikariek, aztertu baitute herriko elkarteek lokalak zenbat erabiltzen dituzten, ikastaroetako dirua nola itzuli ikastaroa uzten denean edo nola definitu jarduera ekonomikoa badagoela.

 

Hauteskundeen ondoren gobernuko ekipoa aldatu berria denez gero, ezinezkoa izan da lan sakonagoa egitea, eta 2016an aztertzekotan geratu dira zaborraren tasa, etxebizitza hutsen gaineko errekargua, entrenamendurako kirol-bonua eta azoka.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna