Albisteak

2015ko tasetan egongo diren aldaketa nagusiak arlo sozioekonomikoan eragitera bideratu dira

2014-11-06 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Ogasuna

Astearteko udalbatzarrean hurrengo urteko ordenantza fiskalak onartu ziren eta  hauek datorren 2015. urtean zehar Udalak ezarriko dituen tasa, hobari eta salbuespenak arautuko dituzte. Lehengo urtetik aldaketak hauek onartu dira:

 

Lehenengo eta behin, tasa guztietan eragina izango duen neurri nagusia datorren urteko KPIaren aurreikuspenean oinarriturik ezarriko den igoera orokorra izango da, % 0,7. Beraz, uraren, zaborren, ibien eta abarren prezioek igoera hori izango dute.

 

Bestetik, Kulturako, Gazteriako eta Emakumeen Zentroko ikastaroen tasa guztiek orain artekoen berdinak izaten jarraituko dute, eta formulazio berririk ez da aplikatuko.

 

Aurten egin diren aldaketa garrantzitsuenak arlo sozioekonomikoan eragitera zuzenduak daude, jarduera ekonomikoak sustatzera begira eta krisiaren ondorioak urritzeko helburuarekin.

 

Alde batetik, sortu berriak diren enpresa txikientzako salbuespen eta hobariak izango dira uraren, zaborren eta ibien tasak ordaintzerako orduan. Era horretan, lehenengo urtean % 100eko salbuespena izango dute, bigarren urtean % 75eko hobaria izango dute eta, azkenik, hirugarren urtean % 25ekoa.

Lanerako ibilgailuetan (autobus, kamioi, banaketa-furgoneta edo atoietan) zirkulazio-zergak % 5eko jaitsiera izango du.

Azokako postuen tasak izoztu egingo dira datorren urtean.

% 50eko errekargua onartu da etxebizitza hutsentzat, gaur egun daudenak mugiarazteko eta alokairua sustatzeko helburuarekin. Kasu honetan, etxebizitza hutsen inguruko ordenantza bat egin beharko da, eta bitartean ezingo da indarrean sartu neurria.

 

Kulturetxeko auditorioaren erabilera

Manuel Lekuona Kulturetxeko auditorioa erabiltzeko tasek teknikoen gastuak aurreikusten dituzte, eta orduka kobratzen da. Kasu honetan, udalerriko elkarteen ekintzailetasuna sustatzeko, % 50eko hobaria ezarriko da.

 

Alderdi politikoek Udalaren aretoak eta zoru publikoa erabiltzeko aukera

Udalerriko gainontzeko elkarteen moduan, alderdi politikoek ere Udalaren aretoak eta zoru publikoa erabiltzeko aukera izango dute ordainketarik egin gabe. Neurri honek alderdi politiko txiki eta sortu berriei elkartzeko edo beren hitzaldi nahiz aurkezpenak egiteko orain artean ezartzen zitzaien zailtasun ekonomikoa ezeztatzen du.

 

Astearteko udalbatzarraren balorazioa

Udal-gobernutik benetan arduratuak gaude astearteko Udalbatzarrean jazotako gertaerekin, eta gure ustetan zenbait alderdi politikok erakutsitako jarrera ez da onargarria, elkarrenganako errespetua eta ulermena beharrezkoak diren baloreak baitira.

 

Udal-gobernua ordenantza fiskalen prozesuan bere interesak defendatzeko akordioak bilatzen saiatu da, eta negoziazioen bitartez gehiengoak osatu ditu. Modu horretan, PPren, PSEren eta PNVren interesen aurka hainbat emendakin onartu ahal izan dira Udalbatzarreko bozketetan.

 

PSEek momentu hauetan 5 zinegotzi ditu, hasieran zituenak baino bi gutxiago, eta horrek udalbatzarrean bere indarraren galera suposatu du. Gainera, ordenantza hauetan Marisa Zubiri PSEko kide ohiak hainbat emendakinetan Bilduren ezkerreko irizpideekin bat egin du.

 

Hori dela eta, PSEko ordezkari batzuek Marisaren aurkako jarrera agertu zuten Udalbatzarrean, eta gure ustetan jarrera onartezina erakutsi zuten. Udaleko zinegotzi hau iraindu, mespretxatu eta gutxietsi egin zuten, zutik jarriz eta oihuka eginez, gainontzeko udal-ordezkarion harridurarako.

 

Hori izan zen alkateak Lurdes Acevedo kalera bidali izanaren arrazoia, eta ondoren PSEko eta PPko kideek jarrera hori ezkutatu nahi izan dute. Gure ustetan, lotsagarria eta iraingarria, ondoren alkatearen aurka esandakoak ikusita.

 

Beraz, Udaleko alderdi guztiei errespetuan oinarrituriko bizikidetza aurrera emateko eskaera egin nahi diegu, alderdi politikooi dagokigun bezala, negoziazio eta akordioetan oinarriturik herritarren mesedetan lan egiteko konpromisoa dugula uste baitugu.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna