Albisteak
2015 SAN PEDRO JAIETAKO BALORAZIOA
2015-07-01 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Alkatetzak oso balorazio positiboa egin du gure herriko patroiaren jaien inguruan. Alkatearen iritziz: “Jai-giroa izan da nagusi une oro egun hauetan zehar. Pozgarria izan da ikustea antolatutako ekitaldietan herritarrek izan duten parte-hartzea bizia, txupinazoa dela, kulturetxeko ekitaldiak direla, eta kalean antolatutako bestelakoak”. Udaletxeak azpimarratu du jaiak normaltasun osoz bizi izan direla, gertakari aipagarririk gabe, eta herriko elkarte zein ehunka pertsonen kolaborazioarekin. Ekitaldietako parte-hartzea oso altu aizan da orokorrean.. Horrek esan nahi du gaur egun oso finkatuta daudela jaiak lasarteoriatarren artean. Zaballosen esanetan “Jendeak bere poztasuna helarazi dit kalean, ekitaldien mailagatik, tradizionalegatik ezezik apustu berriengatik ere” .
Eskertu du lasarteoriatar askoren laguntza desinteresatua: “Zalantzarik gabe, San Pedro jaietako arrakasta ez litzateke posible izango gure elkarteek eta lasarteoriatar askok egindako ekarpen eta borondatezko lana ez balitz. Beraiei esker da posible, urteak joan eta urteak etorri, halako programa zabal eta era askotakoa egitea”.
Bereziki aipagarria izan da, Udalak, Biyak Bat jubilatuen etxeari eta Ostadar kirol elkarteari, egindako omenaldia. Alkatearen esanetan “bi elkarte hauek gure historiaren parte dira. Goraipatzekoa da horietako bakoitzak bere alorrean egiten duen eguneroko lana, bai gure zaharren bizitza-kalitatea hobetzen lagunduz bai gure herriko oinarrizko kirola garatuz”. Jendez jositako auditorioak eman zion neurria omenaldiari.
Udalarentzat heldu da unea 2016ko San Pedro jaiak prestatzen hasteko, proposamen berriak aurkeztuz eta gaur egun direnak hobetuz. “Asko dira jasotzen ari garen proposamenak, esate baterako, xexenak errekuperatzearena. Beharrezkoa ikusten dut guztion parte-hartzea izaten jarraitzea, diseinuan herritarren parte-hartzea indartuz, lasarteoriatarrek senti dezaten jaiak beraienak direla, herriarenak”.