Albisteak
2014ko San Pedro jaien programazioa aurkeztu da
2014-06-13 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kultura eta Jaiak
Badatoz San Pedro jaiak! Antolakuntzan parte hartzen aritu diren hainbat elkarte, aurtengo omenduak eta pailazoak izan ziren atzo Askatasuna parkean egin zen egitarauaren aurkezpenean. Festetako sailetik Indartsua, koloretsua eta batez ere parte hartzailea dela aurtengoa azpimarratu zuten eta bertaratu ziren elkarteek jaiei egingo dieten ekarpena ere azaldu ziguten.
Egitarau berri hau Jaietan Blai! 2014 forotik sortua da. Prozesuari 2014ko urtarrilean eman zitzaion hasiera, lehenik eta behin festen ezaugarriak zein beharko luketen definitzen; ostean, proposamen zehatzak txertatu ziren programan, bai elkarteekin egindako bileran, eta baita herritarrengandik jasotako proposamenetatik ere. 90tik gora proposamen jaso ziren, eta guztiak programan txertatu ezin badira ere, gehienei tokitxo bat bilatzen saiatu gara.
Beraz, herritar eta elkarteekin elkarlanean landutako programa bat da.
Programako aspektu azpimarragarrienak eta berrikuntza nagusiak:
- Festa eredu berria:
2014. urteko programari dagokionean, aipatu beharreko berrikuntza nagusiena, nabariena, eta garrantzitsuena, festa eredu berri batetarantz emandako pausua da. Inoiz baino festa herrikoi eta parte hartzaileagoak izango ditugu aurten, herriko elkarteen lanari esker.
Hasieran aipaturiko Jaietan Blai! prozesuan egindako lanetik, herriko elkarteak festetan inplikatzea eta ekintzak antolatzea lortu da. Aurten, inoiz baino gehiago izango dira, eta haiek inork baino hobeto azalduko dizkigute prestatu dituzten ekintzak:
- Ttakun: elkarte beteranoa da hau festei dagokienean. Aurtengoan ere, haurrentzako ekitaldiak, zikiro afaria, bertso emanaldia, Sorgin Dantza, kantu-jira, sagardo dastaketa eta ibiliko dantzak,… egingo dituzte.
- Sorgin Jaiak. Urteroko lez, egitarau oparoa prestatu dute hauek ere festetarako, umore onez eta ekintzaz betea.
- Kukuka: herriko antzerki eta dantza taldea koreografia lehiaketa bat antolatzera animatu da. Lagunartean, dantza bat prestatu eta igande gauean Okendo plazako eskenatokian denak erakustea da helburua.
- Beltzak: melé erraldoi bat egingo dute Michelinen larunbat goizean, eta parte hartu nahiko luketen herritar guztiak bertara gonbidatuta daude. Ostean, gainera, rugbyko “3. denboraz” gozatzeko aukera izango dugu.
- Aterpea: herriko merkatarien elkarteak igande arratsaldean Sardina Jana antolatuko du Okendo plazan.
- Intza: Loidi-Barrengo frontoian pelota finalak izango ditugu igande eta astelehen goizean. Hortaz gain, berrikuntza gisara, aurtengoan Emakumezkoen San Pedrotako Pala Txapelketaren lehen edizioa ere antolatu dute.
- Ostadar eta Dinbi-Banda: eskutik helduta datorzkigu aurtengoan. Astelehen arratsaldean, haur, gazte eta familia guztiak, herri jolas ibiltarietara gonbidatuta daude, herriko kaleetan zehar.
- Biyak-Bat Jubilatuen elkartea: hauek ere, urteroko ekintzez gain, kalea hartuko dute aurtengoan, Jubilatuen Konpartsa kalera irtengo baita txarangaz lagunduta.
- Virgen de Guadalupe elkartea: Extremadurako kultura ezagutzeko beta izango dugu hauen eskutik. Danbolin jole tradizionalak eta “migak” dastatzeko aukera eskainiko digute astelehenean.
- DECEBAL Errumaniar Elkartea: Lasarte-Oriaren izaera anitza erakutsiko digute, errumaniako jaki tipikoen bitartez.
- Erketz: festetako egunetatik kanpo bada ere, aurtengoan haien dantzak Okendo plazara gerturatuko dizkigute.
Balorazioa beraz, ezin positiboagoa da zentzu honetan. Azken urteetako lanak erakutsi du festa herrikoi eta parte hartzaile batzuen muinak, udalak herritarrei baliabideak eskaintzean datzala. Hau, gure kasuan, gero eta gehiagora doa, eta hurrengo urteetan ere horrela jarraitzea nahi dugu. Festak, herritik eta herriarentzat behar baitute izan.
- Kale giroa:
Parte hartze prozesuan, festek bereziki izan behar duten ezaugarri bat hauxe zela aipatzen zen, kale giroa, kale festa. Hori dela eta, atentzio berezia jarri dugu aspektu honetan, eta ekintza gehien-gehienak kalean planteatu dira: kale antzerkiak, kaleko musika ikuskizunak, txarangak egunero, erraldoi eta buruhandien kalejirak,…
- Adin guztietarako ekintzak:
Festak herritar multzo ezberdinekin lantzeak, adinari dagokionean, ikuspegi zabalago bat izatera ere eraman gaitu. Hori dela eta, aurtengo egitaraua, zentzu horretan, inoiz baino aberatsagoa eta interesgarriagoa dela esan dezakegu.
Txikienentzat, urteroko haur parkeez edo apar festaz gain, bestelako ikuskizun dinamikoago eta parte hartzaileagoak ere planteatzeko ideia sortu zen. Ideia horretatik abiatuta, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Ane Piratarekin batera izango ditugu Andatza plazan astelehen arratsaldean (17.30etatik aurrera), kantuan eta dantzan, eta herriko familia guztiak bertan parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke. Gainera, Jalguneko lagunekin elkarlanean, “Pausoka Pausoka” haien kanta ere dantzatuko dute, eta lasarteoriatar guztiak parte hartzera ere gonbidatu nahi dituzte, bideoan grabatu eta flash-mob erraldoi bat osatzeko.
Gaztetxoagoentzat berriz, ohiko musika ikuskizunez gain, herri jolas ibiltariak ere izango ditugu Ostadar eta Dinbi-Banda elkarteen eskutik, herriko kaleetan zehar. Bertan dantza, batukada erritmoak eta koadrilakako norgehiagokak uztartuko dituzte astelehen arratsaldean.
Erraldoi eta buruhandiak ere, egunero izango dira herriko kaleetan, kalejiran. Aurten, gainera, herriko gazteak izango dira hauek eramango dituztenak, Ostargi konpartsa berria izango baita honen ardura hartuko duena.
Familiek, bere osotasunean, gozatzeko hainbat aukera ere izango dituzte, ostiraletik hasi eta astelehenera arteko goiz eta arratsaldeetan programazioa eta parte hartzeko ekintzak ez baitira faltako.
Eta azkenik, herriko beteranoenak ere festaren parte izan daitezen, ideia berriak sortu dira. Jubilatuen elkarteak, adibidez, haien ekintzak Okendo plazara aterako ditu, lerro-dantzak eginaz bertan, edota aspaldian egin ohi zen moduan, Jubilatuen Kalejira eginaz herriko kaleetan zehar, txarangaz lagundurik. Etxean geratzeko eskusarik ez da egongo beraz.
- Piroteknia:
Pirotekniak aurtengo festetan ere paper berria jokatuko du, egunero presentzia izango baitu. Gaztetxoenak etxera erretiratzeko “ordu markatzaile” ona izanik, zezen suzkoak, adibidez, ostiral, igande eta astelehenean izango dira. Larunbatean berriz, Kataluniako Correfoc bat zer den ezagutzeko aukera izango da herriko kaleetan. Eta noski, festei amaiera emateko, su artifizialak ere, urteroko legez, Atsobakarko parkean botako dira.
- Kalitatezko euskal musika:
Eta noski, festak izanik, urteko beste garaietan herrian orokorrean ikusteko aukerarik ez dugun talde berriak ere etorriko dira gurera. Izen azpimarragarrienak, Esne Beltza, Vendetta (ostrial gauean bi hauek) eta Berri Txarrak (larunbatean) dira. Gaueko 00.00etatik aurrera, Okendo plazan guzti hauek ikusteko aukera izango dugu.
Hala ere, eta atzean utzi gabe, beste hainbat taldek ere haien ikuskizunak eskainiko dituzte, gustu guztietara zabalik, hala nola: Boston Jai, Laiotz, Odolaren Mintzoa, Estrikina, Joxpa, Ibai Berriak, London orkestra,…
OMENDUAK:
Eta amaitzeko, 2014. urte honetan, festen baitan, omenduak nor izango diren ere publiko egiteko baliatu nahiko genuke gaurko prentsaurreko hau.
Azken urteetan egin moduan, udalak aurtengoan ere herriko elkarte edo kolektiboak omentzea erabaki du, haiek urteetan egin duten lanaren aitortza gisara eta bide horretan jarraitzeko bultzadatxo bat eskaintzearren.
Omenduak aurten bi izango dira:
- TEXAS FUTBOL TALDEA:
- 50 urte betetzen ditu Texasek aurten.
- Bere ibilbidea 1964. urte inguruan hasi zuen futbol taldeak, eta ordundik ez da sekula geratu. Taldeko arduradunak, jokalariak, entrenatzaileak, entrenatzeko tokiak,… joan eta etorri dira; klubak ordea, hortxe dirau oraindik.
- 50 urtetako ibilbide oso hau da omendu nahi dena, urte guzti hauetan, Lasarte-Oriako kirol panoraman izandako presentzia.
- KUKUKA ANTZERKI ETA DANTZA ESKOLA:
- 12 urte dira Kukukak bere ibilbideari ekin zionetik, eta talde honek jasan duen hazkundea izugarria izan da.
- Gure herrian, adin guztietako zahar eta gazteak, antzerkira eta dantzara gerturatu dituzte, kolorea eta erritmoa jarri digute urtero egindako lana Antzerki Aste edo Hamabostaldietan erakutsiaz.
- Proiektu honek atzean izandako dedikazioa eta lana ere izugarria da.
- Omenaldi honetan, nolabaitean, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kide guzti-guztiek beren zatitxoa badute ere, atzean lanean jardun diren guztiei egin nahi zaien eskertza bat da bereziki, gure herriko kultur panorama iraultzen egindako lanagatik. Eta aurrerantzean, horrela jarraitzeko gonbita ere bai, gora eta gora, gero eta indar gehiagorekin.
Omenaldia ekainaren 28an, larunbata, 13.00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da. Ekitaldi xumea izango da, baina herritar oro bertan parte hartzera gonbidatuta dago.
Hortaz gain, beste urte batzuetan egin gisara, bi txupinazoetako pregoiak irakurtzeaz ere omenduak arduratuko dira.
KARTEL LEHIAKETA:
Azkenik, omenduez gain, kartel lehaiketako lan irabazlea ere aurkeztu nahiko genuke gaur. 30 izan dira aurtengoan aurkeztutako lanak, eta Elena Dominguez lasarteoriatarrarena izan da Gazteria eta Festak batzordeak, herritarrek hautatutako 10 kartel gustokoenen artean, hautatu zuena. Berari ere zorionak eman nahiko genizkioke.