Albisteak

1.834.655 euroko kreditu-aldaketa

2016-04-19 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udalbatzarrak kreditu-aldaketa bat onetsi du gar, kopuruz 1.834.655 eurokoa, eta horri esker garrantzizko obrak eta urgentziazko gastuak edo lehendik konprometituak egin ahalko dira.

 

Jesus Zaballos alkatea pozik agertu da 2015. urteko ekitaldiaren likidazioagatik, oso positiboa atera baita. Gastuei dagokienez, exekuzioa % 5 gehitu da, 2014an % 76,94 izatetik 2015ean % 82,14 izatera pasatu baita. Diru-sarrerei dagokienez, berriz, exekuzioa 2014an % 79,47 izatetik 2015ean % 92,27 izatera pasatu da. Horregatik, gastu gehiago exekutatu arren, sarreren exekuzioan izandako efikaziak 2.816.530 euroko gerakina sorrarazi du.

 

Zaballosek azaldu duenez, gaur onetsitako aldaketan 1.834.655 euro destinatuko dira hainbat gastu eta inbertsiotara, eta gainerako 981.875 euroak urgentziazko gastuetarako utziko dira, etorkizunean halakoren bati aurre egin beharra gertatuz gero. Aldaketak aldeko 10 boto izan ditu (PSE-EE 7, EAJ-PNV 2 eta PP 1) eta 3 abstentzio (EH-Bildu 1 eta ADLOP 2).

 

Horrela, 93.510 euro destinatuko dira Uzturre eta San Martzial plazetako pasabideak inpermeabilizatzeko, lehenago onetsitako proiektuak ez baitzituen lan horiek jasotzen eta urgentzia handikoa baita hori egitea, lur azpiko aparkalekuetan gaur egun gertatzen diren filtrazioak eragozteko. Bi plaza horiek berrurbanizatzeko obretarako 375.000 euro destinatuko dira.

 

Bestalde, 60.000 euro ere onetsi dira Jaizkibel Plazako etxabeak eraisteko eta berrurbanizatzeko proiektua idazteko, eta oraingo honetan bi lanak batera diseinatuko dira. Estudio teknikoen arloan, 6.000 euro xedatuko dira parkea estaltzeko proiektua egitera.

 

Egingo de beste obra bat Oria auzoko oinezko pasabidea da, Karmengo kaperaren parean, inguru horretako bizilagunek aspaldidanik erreklamatu izan baitute hori. Obraren barruan, hainbat pasabide egingo dira eta semaforoz hornitu, eta aurrekontua 60.500 eurokoa da.

 

Garrantzizko inbertsioa egingo da zenbait ekipamendutako leihoak hobetzeko. Horrela, 323.000 euro destinatuko dira Pablo Garaikoetxea ikastetxeko leihoak aldatzera, 50.000 euro Andrejoakinaenea haur-eskolako leihoetarako eta 177.500 euro Jubilatuen Elkarterako.

 

Michelingo aldagelen zorua inpermeabilizatzeko lanei ere ekingo zaie, ekipamendu horretako filtrazioek lurpeko garajeetan hezetasunik sor ez dezaten. Horretarako, 58.000 euro onetsi dira.

 

Trinketak 10.000 euro jasoko ditu, estalkian eguraldi txarragatik hondatutako lamak birjartzen bukatzeko, eta kiroldegiak 40.000 euro, pista polideportiboan ur-filtrazioei konponbidea emateko. Kirolaren arloan, taberna gisa ekipatutako kabina bat erosiko da, 30.000 euroan, Michelingo Kirolgunerako. Ekipamendu hori dohainik utziko zaie kirol-ekipoei, baliabide ekonomikoak lortzeko modua izan dezaten.

 

Haur-jolasak berritzeko 100.000 euro destinatuko dira, eta bide batez haur ezinduentzat egokitutako haur-jolasak erosteko udalbatzarrak oraindik orain onetsitako mozioa beteko da. Horrez gain, 2.000 euro destinatuko dira Gaztelekuan altzariak erosteko.

 

Zabaletaberrin babes ofizialeko etxebizitzen partzela munizipalean garajeetara sartzeko arrapala egiteak, GEDIren partzeletakoarekin komuna izango denak, 153.840 euro jasoko ditu.

 

10.000 euro destinatuko dira zailtasun ekonomikoak dituzten familientzako diru-laguntzen lerro berri baterako. Kasu honetan, Lasarte-Oriako dendetan eskolako materiala erosteko laguntzak izango dira. Era berean, 5.000 euro onetsi dira SAEDen Adiskideen Elkartearentzat, eta 6.897,95 euro Oporrak Bakean programarako. Horri esker, 7 haur saharaui ekarri ahalko dira aurtengo udan.

 

Udalaren webguneak urgentziazko eguneratze baten premia du, informazioaren eta gardentasunaren obligazioak betetzeko. Horretarako, 21.000 euro destinatuko dira diseinua eta informazioaren lekualdaketa egingo duen enpresa bat kontratatzeko.

 

Parte-hartzezko bi prozesu 12.000 eurorekin finantzatuko dira aldaketa honen kargura. Proposamenaren arabera, prozesu bat egingo da haur-parke bat non eta nola estali erabakitzeko, eta beste bat Jaizkibel Plazan libre geldituko diren espazioen diseinuari buruz.

 

Ondarearen aldetik, bi lokal erosiko dira: bata Jubilatuen Elkartean larrialdietarako irteera egin ahal izateko (67.840 euro) eta bestea Jaizkibel Plazako etxabeen eraisketa gauzatu ahal izateko egiteke dagoen lokala (86.000 euro).

 

Pertsonalaren arloan, 34.531,80 euro aurreikusi dira Zerbitzu Publikoetarako arkitekto tekniko bat kontratatzeko eta, hartara, lehendik onetsita baina gauzatzeko dauden kontratuak aurrera ateratzeko, bai eta aldaketa honetakoxeak ere. Izan ere, lan horiek denak oso mantsotuta daude pertsonalaren bajengatik. Bestalde, 6.000 euro onetsi dira Hirigintzaren eta Zerbitzu Publikoen arloak besrrestrukturatzearen estudio bat egin dadin, gaur egungo hutsuneak gainditzeko, haien funtzioak analizatzeko eta antolatzeko eta funtzionatzeko modu efikazago bat proposatzeko.

 

Azkenik, sendotu egingo dira Zerbitzu Sozialak, langile sozial baten eta administrari baten kontratazioa mantenduz, une honetan familia askok bizi duten premiazko egoera bereziari aurre egiteko. Horretarako, 46.171 euro destinatuko dira.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna