Albisteak

Tximistarreta parkearen parte-hartze egitasmoaren aurkezpena

2013-06-12 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak

Orain dela aste pare bat aipatu bezala, Lasarte-Orian urbanistikoki aldaketa ugari gertatu dira urteen poderioz. Eraiki diren etxebizitzekin batera, plaza eta kale berriak ere sortu dira eta espazio publiko guzti hauen diseinua betidanik maila teknikoan bakarrik landu da.  

                                            

Tximistarreta gunearen izena herritarren parte-hartze bidez aukeratu zen eta horrek hirigintzan herritarrek zer esana izan dezaten hasiera bat suposatu zuen.  Behin harri hau jarrita, kontuan hartu beharra baitago espazioaren eraikuntza eta ingurunearen diseinuak bertako erabiltzaileen bizitzan garrantzi handia izango duela.

Orain bi aste, inguruaren aurkezpena egin genuenean, orain arteko ereduari buelta eman eta gure ustez espazioak herritarren beharretara egokitu behar zuela esan genuen. Eta horregatik, Lasarte-Oriako herritarrekin nahiz ezaugarri ezberdinetako taldeekin gaia landu eta gunearen inguruko iritzi, ideiak eta proposamenak jaso nahi zirela aipatu zen.

 

Gaurko prentsaurrekoaren bidez, prozesuaren parte izango diren taldeen aurkezpena egin nahi dugu. Talde hauek adin ezberdinak, inguruaren gertutasunagatik eta gaiarekin izan dezaketen interesagatik aukeratu dira:

 

  1. Bertako bizilagunak.
  2. Jubilatuen etxeko ordezkariak.
  3. Gaztelekuan ibiltzen diren gazteak.
  4. Sasoeta-Zumaburuko ikasleak.
  5. Sasoeta-Zumaburuko gurasoek elkarteko guraso eta haurrak.
  6. Andrejoakinako Haur Eskolako haurrak.
  7. Jalgune elkarteko kideak.
  8. Ingurumenaren arloan ibiltzen diren elkarte ezberdinak.

 

Talde hauen artean herritarrei zuzendutako talde bat egotea beharrezkoa dela iruditzen zaigu eta gaurko aurkezpenaren bidez, Lasarte-Oriatar orori parte-hartzeko gonbita luzatu nahi diegu.

 

Parte hartze egitasmoaren azalpena:

 

Taldeek, banaka, ekaina bukaera eta uztaila hasiera bitartean inguruaren behaketa egingo dute. Hau da, zelaian ordubeteko dinamika bat egin eta bukaeran inkestatxo bat beteko dute beraien sentsazio eta proposamenekin.

 

Ondoren taldeak aukeratutako bi ordezkarirekin elkartuko gara, uztailaren bigarren hamabostaldian eta erabilpenaren inguruko ordubeteko elkarrizketa bat egingo zaie. Informazio zehatz eta zabalago bat atera ahal izateko.

 

Talde bakoitzarekin egingo diren bi dinamika hauetatik ateratako informazio guztia txukunduko da irailean prozesuarekin jarraitu eta amaitzeko.

 

Udako oporretatik bueltan, talde bakoitzeko bi-hiru pertsonekin talde zabalago bat osatuko da eta talde honek erabilera gune ezberdinak proposatu eta proposamenak lehenetsi beharko ditu. Bi ekintza hauek aurrera eramateko partaideekin bi egun adostuko dira.

 

Bukatzeko partaide guztiei eskerrak eman prozesu honetan parte-hartzeagatik, beraien ikuspegirik gabe prozesua aurrera ezingo litzatekeelako eraman.

 

Gogoratu, herritar oro animatu nahi dugula prozesuan parte hartzera

                                  

Eguna: UZTAILAREN 10a

                                   Ordua: 18:00-19:00

                             Lekua: TXIMISTARRETAKO PLAZA

 

Eta herriko beste talderen batek parte hartu nahi balu parte-hartzeko departamentuarekin kontaktuan jartzea eskertuko genioke. (943-376181 telefonoaren bidez edo partehartzea@lasarte-oria.org helbidera idatziaz).

ARRETAREKIN EGIN DEZAGUN PARKEA!

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna