Albisteak

Eserleku gorri batek IHESaren aurkako borroka gogoraraziko digu

2016-12-01 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Jesus Zaballos alkateak, hainbat zinegotzi eta Gehitu gay eta lesbianen elkarteko ordezkari den Beatriz Gomez lagun dituela, gorriz margotu du eserleku bat IHESaren aurkako munduko egunaren oroigarri.

Alkateak nabarmendu egin du IHESaren aurkako borrokan erne egon beharra, urtero detektatzen diren kasuetan gora egin duen gaixotasuna baita, haren garapena prebenitzeko informazio gutxi dagoelako eta herritarrek neurri babesgarri gutxi hartzen dutelako.

Iaz Lasarte-Oriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Parisko deklarazioa onartu bazuen, aurten, herriko leku esanguratsu honetan eserleku hau margotzearekin, Udalak oroigarri iraunkorra izan nahi du,  herritarrek gogoan izan dezaten beharrezkoa dela IHESaren aurrean neurri babesgarriak hartzea, eta ohartarazpena egin erakundeei, neurriak jar ditzagun sentsibilizazio-kanpainak sustatzeko, eta ikerketarako neurriak gaixotasunari sendabidea topatze aldera, baita prebentzioa bultzatzekoak ere.

Bozeramaileen Batzordeak onartutako Parisko deklarazioak honako hau zioen:

Parisko Deklarazioak dioen moduan, une historiko batean aurkitzen gara HIESari erantzuna emateko. Aurrerapen zientifikoei, aktibismo komunitarioari eta helburu komuneko konpromiso politikoari esker, HIESaren epidemiari mundu mailan 2030. urterako amaiera emateko benetako aukera dugu. Hiriek denbora luzea daramate lehenengo lerroan HIESari erantzuna emateko orduan eta orain posizio paregabe batean daude ekintza bizkorren aitzindari izateko, 2020. urtean 90-90-90 helburuak lortzeari begira: GIBarekin bizi diren pertsonen % 90ek beren egoera serologikoa ezagut dezatela; beren egoera serologikoa ezagutzen dutenen % 90ek tratamendua jaso dezatela; eta tratamenduan dauden pertsonen % 90ek karga birala ken dezatela.

GIBagatiko infekzio berri guztiak geldiaraz ditzakegu eta HIESarekin lotura duten heriotza guztiak ekidin, tuberkulosiagatiko heriotzak barne. Estigmarekin eta diskriminazioarekin amai dezakegu. Gure herritar guztiek izan behar dute GIBarekin eta tuberkulosiarekin lotura duten prebentzio-zerbitzuak, tratamendua, arreta eta sostengua jasotzeko aukera, biziak salbatzea lortzeko.

Elkarrekin lan egiten badute, mundu osoan oihartzuna izango duten neurri lokalak har daitezke hirietan. Gure irismena, azpiegitura eta giza ahalmena baliatuz gero, hirietan sortuko den etorkizuna bidezkoagoa, barneratzaileagoa, oparoagoa eta sostengarriagoa izango da herritar guztientzat, haien sexua, adina, egoera ekonomikoa edo soziala eta sexu-orientazioa kontuan izan gabe.

Parisko deklarazioa hiri handientzat pentsatua badago ere, herriok ezin gara handik kanpo gelditu, geure ahalmenen neurrian kolabora baitezakegu helburu horiek lortzen.

Horregatik guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak Parisko Deklarazioko konpromisoetan lan egingo duela hitzematen du. Hauexek dira:

  1. Hirietan HIESaren epidemiarekin amaitzea 2030. urterako.

  2. Egiten dugun guztiaren erdigunean pertsonak jartzea.

  3. Arriskuaren, erikortasunaren eta transmisioaren kausei aurre egitea.

  4. HIESari ematen zaion erantzuna gizartea positiboki eraldatzeko erabiltzea.

  5. Tokian tokiko premietarako egokia izango den erantzuna sortzea eta azkartzea

  6. Baliabideak osasun publiko eta garapen integraturako mobilizatzea.

  7. Liderrak garen aldetik bat egitea.

      Irudia

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna